Selektibitatea BECen eta ikastetxeetan egingo dute

Azterketak egiteko ikastetxe batzuk zehaztu dituzte: Eibarko Armeria eskola eta BHI eta Gasteizko BHI Ekialdea. Urtero bezala, EHUren campusetan ere egingo dute. Maskara erabili beharko dute azterketetan ere.

Ikasleak selektibitatea egiten, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 12a
10:30
Entzun

EHUk eman ditu selektibitateari buruzko xehetasun batzuk. Lekuari dagokionez, iragarri du ohiko campusetan ez ezik, BECen eta bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan ere egingo dutela. Horietako batzuk ere aipatu dituzte: Eibarko (Gipuzkoa) Armeria Eskola eta BHI eta Gasteizko BHI Ekialdea. «Ezohiko egoera hau dela eta, UPV/EHUk eta Eusko Jaurlaritzak handitu egin dute azterketak egiteko lekuen kopurua, ahalik eta osasun baldintza onenetan egin daitezen», azaldu dute.

Ikasleek etxetik eraman beharko dute maskara, baita azterketa egiteko beharrezkoak diren materialak —erregelak, kalkulagailuak...— ere, eta beti mantendu beharko dute segurtasun distantzia. Gainera, eskuak garbitu beharko dituzte urarekin eta xaboiarekin edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoarekin. Azterketak egin ahal izateko protokolo bat prestatzen ari direla azaldu dute: «Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasoko ditu, eta ikastetxeei helaraziko zaie».

Probaren egunak, berriz, mantendu egingo dituzte: uztailaren 6an, 7an eta 8an ohiko deialdia, eta 20an, 21ean eta 22an ezohikoa. Araceli Garin EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak Radio Euskadin azaldu du ordutegiak ere aldatu dituztela ohiko eta ezohiko deialdian. Hau da, selektibitatea goizez eta arratsaldez lehen egunean bakarrik egingo dute, eta probaren hasiera ordubete atzeratu dute egun horietan. «Beste urteetan bezala, 08:30ak alderako joan beharko dute, eta beste modu batean sartuko gara». Alfabetoaren arabera deituko diete ikasleei sartzeko, eta 10:00etatik aurrera hasiko dira azterketekin. Hurrengo bi egunetan, berriz, goizez soilik egingo dute. «09:00etan hasiko gara, eta espero dugu 15:00ak aldera amaitzea, normal». Gainera, ziurtatu du maskara erabili beharko dela azterketetan ere.

Azterketen egiturari buruz aurretik esana zutena ere berretsi dute: beste egitura bat izango dute. «Ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantentzen badira ere, berregituratu egin dira azterketak». Horrela, bi helburu lortu nahi dituzte: proba «malgutzea» eta ikasleen «aukera berdintasuna» bermatzea. EHUren arabera, ikasleek aukera izango dute, «modu ordenatuan» eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketetako A eta B aukeretako galderak nahasteko.

Ohar bidez Garinek nabarmendu duenez, «egundoko ahalegina» egin dute 2020ko Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa antolatzeko. Haren hitzetan, bi printzipio «eztabaidaezin» bermatu behar izan dituzte: «Batetik, horren azterketa garrantzitsua izanik, pandemiak ez zuen oztopo izan behar egutegi akademikoaren garapen normalerako; bestetik, bermatu egin behar zen proban parte hartuko duten pertsona guztien segurtasuna». Erantsi du «ahal duten guztia» egin dutela probaren objektibotasuna mantentzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.