EHUko hurrengo errektorea

Joxerramon Bengoetxea: «Sekulako emaitza da; zilegitasuna ematen digu gure eskaerak plazaratzeko»

EHUko bozetan, boto haztatuaren %64 lortu du Bengoetxeak, eta bera izango da hurrengo errektorea. Aitortu du ez zutela espero emaitza «hain irmorik». Orain, lanerako prest dago: «Helburu nagusia da pertsona guztiak zainduta sentitzea».

RAUL BOGAJO / FOKU
RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
GASTEIZ
2024ko azaroaren 27a
16:25
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hauteskundeen biharamunean, Joxerramon Bengoetxea (Irun, Gipuzkoa, 1963) errektore berria aje gozoarekin esnatu da, garaipenagatik «oso pozik». Elkarrizketaz elkarrizketa dabil, eta esker on mezuak zabaltzeko baliatu ditu solasaldiak: «Eskerrak eman nahi dizkiet hauteskunde prozesuan egon diren guztiei».

Atzokoa nola bizi izan zenuen?

Egun bitxia izan zen. Gasteizen hasi nintzen, eta basamortu bat bezalakoa zen: mahaiak eratzen bakarrik ari ziren. Gero, botoa ematera joan nintzen nire fakultatera, Donostiara, eta ikusi nuen mugimendua. Esaten ziguten: «Boto paper batzuk amaitu egin dira, eta berriro inprimatu behar izan dituzte». Hasi ginen pentsatzen: «Agian, badago aukera bat irabazteko». Baina ez ginen guztiz kontziente. 18:00etan, mahaiak itxi zirenean, hasi ziren emaitza batzuk heltzen, eta ikusten genuen posible izango zela. Sekulako bultzada jaso genuen; hortxe dago emaitza. Oso-oso polita izan zen.

Boto haztatuaren %63,63 eskuratu duzue. Espero al zenuten? 

Ez genuen espero emaitza hain-hain irmoa edo handia. Pentsatzen genuen irakasle iraunkorren artean ez genuela irabaziko horrelako datuekin, eta campus guztietan irabazi dugu, Bizkaian izan ezik. Eta gainerako kolektibo guztietan, hiru campusetan irabazi dugu. Sekulako emaitza da; indarra eta zilegitasuna ematen digu gure eskaerak plazaratzeko.

Zerk du lehentasuna?

Ikusi behar dugu nola dagoen diru kutxa, eta saiatuko gara aurre egiten identifikatu ditugun behar berezi batzuei. Eraikinetan, konponketa batzuk nahiko azkar egin beharra dago, eta kolektibo batzuk prekaritatetik gertu daude: jardunaldi partziala duten ordezko irakasleak, maila apalenetako administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta formakuntzan dauden ikerlariak. Gero, aztertuko dugu dauzkagun baliabideekin horri ez ezik zeri gehiagori egin diezaiokegun aurre. Gainera, zerrendatu behar da zer finantzaketa behar dauzkagun, eta horiek ondo azaldu Eusko Jaurlaritzari, aldundiei, [Eusko] legebiltzarrari eta Batzar Nagusiei. Gizarteak puntako unibertsitatea nahi badu, ondo artatu eta finantzatu beharko gaitu, zeren gizartearen etorkizuna hor ere jokatzen baita.

«Ikasle guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, kritikak eta ekarpenak egiteko»

Sektore guztietan izan zarete garaile, batez ere ikasleen artean.

Bai, ikasleena oso polita izan da. Alde batetik, ikusita nola handitu den parte hartzea. Beste aldetik, ikasleek sekulako ufada eman digute. Espero dezagun aurrerantzean ere gurekin edukitzea, baita gurekin kritiko izatea ere; exijenteak izatea nahi dugu, baita geure aliatu eta lankide ere, unibertsitatearen onerako. Saiatuko gara azaltzen zertan ari garen. Batzuetan, ezin izango ditugu haien asmo guztiak ase; besteetan, agian, ez gara ados egongo. Baina uste dut beti eutsi behar dugula elkarrizketari.

Parte hartze orokorra nabarmen handitu da: aurreko hauteskundeetan, %7,7koa izan zen; atzo, %21,9koa. Ikasleak bereziki aipatzekoak dira: %2,1 izan zen 2020an; atzo, berriz, %14,6. Zeren seinale da?

Ez dago gaizki. Azken lau urteetan, hainbat mobilizazio eta eskaera egon dira, baita greba batzuk ere. Egon da unibertsitateko kolektibo guztien artean egonezin bat. Horri gehitu behar zaio gure hautagaitza horiei begira jarri dela. Kanpainan ere gertakizun batzuk izan dira unibertsitateko kolektibo guztiak parte hartzera mugitu dituztenak. Ikasleei dagokienez, harrigarria izan da. Dena dela, penaz hartzen dugu jende gehiago bozkatzera joan ez izana. Ikasle mugimenduren batek abstentziora deitu du. Uste dugu hori ez dela bidea; parte hartzea da bidea. Ikasle guztiak animatu nahi ditut parte hartzera, kritikak eta ekarpenak egiteko; seguru denon artean lortuko dugula aurrera egitea.

Kanpainan salatu dituzue zenbait gorabehera. Horiek eragina izan al dute jendeak bati edo besteari botoa eman erabakitzerakoan?

Uste dut aukera eman dugula gure hautagaitzaren estiloa eta izaera ezagutzeko. Gure lankideek eta ikasleek ikusi dute nola aritzen garen, nolakoak garen: ikusi dute programa azaltzen aritu garela, zentro guztietara joan garela, behar zenean joko zikina salatu dugula... Uste dut jendeak gardentasun hori estimatu duela. Hori alderatu badute egiteko beste modu batekin, pentsatzen dut moduak bereizten jakingo zutela eta horregatik egin dutela gure alde. Gure modu horiekin, joko garbiarekin, jarraituko dugu aurrerantzean ere. 

Sei urteko agintaldia izango da. Agintaldi bukaeran beste elkarrizketa bat eginez gero, zer nahi zenuke nahitaez beteta eduki?

Komentatu dugu premiazko kolektibo batzuk daudela, eraikinak... Gainera, orain, Tekazel [kudeaketako eta administrazioko eta zerbitzuetako teknikariak dira] bat daukagu hiru irakasleko. Gure helburua da bi egotea hiru irakasleko. Eta helburu nagusia da pertsona guztiak zainduta sentitzea eta horrek ekartzea gure unibertsitateko irudia eta marka harrotasunez eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.