«Sektoreak merezi duen hitzarmena» izenpetu dute Bizkaiko esku hartze sozialean

LABek «urrats historikotzat» jo du akordioa lortu izana. ESK sindikatuak uste du prozesuak «indartu» egin duela sektorea.

Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen mobilizazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bizkaiko esku hartze sozialeko langileen mobilizazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko uztailaren 29a
17:15
Entzun

Ekainaren 7an, Bizkaiko esku hartze sozialeko patronalek eta sindikatu gehienek iragarri zuten aurreakordioa lortu zutela alor horretako lan gatazkari amaiera emateko. Ez zen prozesu erraza izan: gatazkak bi urte eta erdi iraun du pizturik, denbora tarte horretan 32 negoziazio mahai eratu zituzten akordioaren edukien inguruan eztabaidatzeko, langileek zortzi egunetan egin zuten greba, eta hainbat batzar eta mobilizazio ere egin zituzten. Gizardatz eta Geroan patronalek eta LAB, ESK eta CCOO sindikatuek hitzartu zuten aurreakordioa, eta, orain, lan hitzarmena izenpetu dute.

Hitzarmena 2022-2025 eperakoa da, eta zenbait hobekuntza ekarriko dizkie langileei. Esaterako, soldatak %24 igoko dira, eta lanaldia 1.564 ordukoa izango da urtean, hau da, orain arte baino hamahiru ordu gutxiago. Lanpostuen arrisku psikosozialen ebaluazioa egingo da, ordezkapenak lehenengo egunetik egingo dituzte administrazioak ezarritako langile ratioak bermatzeko, 60 urtetik gorako langileei zazpi orduz murriztuko diete lanaldia, berdintasun planak negoziatu beharko dituzte eta abar. Gainera, erreformen aurkako klausulak ere ezarri dituzte, eta, horien arabera, enpresa eta elkarteek ezin izango dute hitzarmena baztertu han agertzen den prozedura bete gabe. Hitzarmenak lehentasuna izango du Espainiako hitzarmenen aurrean.

Langile publikoak

LABen ustez, «sektoreak merezi duen hitzarmena» da orain izenpetutakoa, eta «urrats historikotzat» jo dute hura lortu izana. Sindikatuaren iritziz, esku hartze sozialeko langileak «langile publikoak» dira «zerbitzu publikoa ematen dutelako», eta oraingo akordioa, lan baldintzen hobekuntza izateaz gain, «aurrerapausoa» ere izango da izaera publiko horren aitortzan.

LABen arabera, sektorea «ikusezintzat» jo izan dute behin baino gehiagotan: langile gehienak emakumezkoak dira eta, gainera, «gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin» behar egiten dute. Ondorioz, sektoreak administrazio publikoen «utzikeria» pairatu behar izan du behin baino gehiagotan: sindikatuak salatu duenez, administrazio publikoek sektoreko elkarteei ematen dizkieten diru laguntzat «gero eta gutxiago» dira, «neurriz kanpoko eskakizunak« egiten dizkiete, eta burokratizazioa ere «gehiegizkoa» da. LABen ustez, sektoreak merezi du dagokion garrantzia ematea, eta, horregatik,  langileak zoriondu ditu: «Denon artean lortu dugu sektorea aktibatzea. Argi geratu da borroka merezi izan duela».

ESK sindikatuak ere, akordioak ekarriko dituen hobekuntzak azpimarratzeaz gain, hara iristeko prozesua nabarmendu du. Haren iritziz, prozesu horrek «jauzi kualitatiboa» ekarri du «sektorearen sentimenduan, mugitzeko gaitasunean eta sektorearen etorkizuneko borrokak izan behar duen ikuspegi aldaketan».

ESK-k «sindikatuen batasuna» bilatu du prozesu osoan, eta, haren ustez, horrek mobilizazioak hauspotu eta sektorea «indartu» egin du: «Aliantzak egin ditugu, ikusgarriago egiten gaituztenak eta gure zaintza lanari balioa ematen diotenak». Bereziki, mugimendu feministak emandako laguntza eta «ahotsa» nabarmendu dute.

Sindikatuaren arabera, negoziazio prozesuan «etorkizuneko ikuspegia» aintzat hartu dute, eta sektorearen publifikazioaren aldeko aldarriari eutsi egin diote. Geroari begira, ildo berean jarraitzeko asmoa dute: «Prozesu honek bide bat jarri du mahai gainean: egiten dugun lan publikoaren aitorpena eta bere publifikazioa, lan baldintza duinak ahalbidetu eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko, beharrezkoak diren diru publikoekin. Gero eta gehiago gara horrela pentsatzen dugun sindikatuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.