CO2 neurgailu bat dauka Marian Nuinek (Iruñea, 1964) ISPLN Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuko bere bulegoan. Maskara ere jantzita darama une oro —argazkirako kendu du soilik—, eta zabalik ditu leihoak. Prebentzio neurriak arintzearen aldekoa da, baina «arduraz» jokatzeko aholkatu du.
Neurriak erabat arinduko dira gaurtik aurrera Hego Euskal Herrian, baina COVID-19a ez da desagertu...
Egoera eboluzio betean da. Pandemiaren fase akutua pasatu da, eta egoera epidemiologikoa erabat ezberdina da, besteak beste koronabirusaren aurkako txertatze maila oso handia delako eta txertoak oso eraginkorrak direlako gaitz larriaren aurka. Nafarroan, hamabi urtetik gorakoen %93,1ek jarria dute txertoaren pauta osoa, eta 60 urtetik gorakoen %95ek indartze dosia ere badute. Gainera, osasun zerbitzuen saturazioa arindu beharra dago, COVID-19az gain beste hainbat gaitzi egin behar diegulako aurre. Horren guztiaren ondorioz egokitu da zaintza epidemiologikoa.
Toki itxietan maskara ez da derrigorrezkoa. Birusa ez da sektore zaurgarrienetara iritsiko?
Hori eragotzi nahi dugu, hain zuzen. Estrategia berriaren ardatza da lehentasuna ematea pertsona eta eremu zaurgarrienei, eta, era berean, arreta ez jartzea arrisku erantsirik ez duten pertsonengan, asintomatikoak direnengan eta sintoma arinak dituztenengan. Kontua ez da neurri guztiak kentzea.
Ez?
Ez. PCR probak eta gaitzaren jarraipena egiten dugu oraindik, baina nori? 60 urtetik gorakoei, immunoeskasia dutenei eta emakume haurdunei, nagusiki. Horiek dira sektore zaurgarriak. Bestalde, zenbait arrisku eremu ere identifikatu ditugu: zentro sanitario eta soziosanitarioak, eguneko zentroak, espetxeak... Horietan ere jarri nahi dugu arreta: alde batetik, proba diagnostikoak eta kontaktuen jarraipen estuagoa eginez, eta, bestetik, txertaketak eskaintzen duen babesa indartzen duten botiken bidez.
Zaurgarri ez direnekin, zer?
Kasu horietan, jada ez ditugu bakartzeak edo berrogeialdiak ezarriko, noski. Asintomatikoa bazara edo sintoma arinak badituzu, eta horrek ez badu zure egunerokoan eragiten, ez da derrigorrezkoa etxean bakartzea, baina komeni da kontuz ibiltzea: maskara jantzi beste pertsonekin bazaude, higienea zaindu, zure harreman sozialak murriztu, jende pilaketak saihestu... Halakoek balio dute transmisioa apaltzeko, bai koronabirusaren kasuan, bai gripearen eta arnas aparatuko beste zenbait infekzioren aurka.
Transmisioa goranzkoan da, positiboak zenbatzen ez diren arren...
Positiboak zenbatzen ditugu oraindik, e? Egiten diren proba diagnostiko guztien positiboak zenbatu ditugu beti. Alde bakarra dago: lehen, jende talde oso zabal bati egiten zitzaizkion probak, eta, orain, prozedura murriztu dugu, eta sektore jakin batzuei bakarrik egiten zaizkie testak.
Hortaz, baliteke infekzio kasu asko oharkabean igarotzea, ezta?
Bai, baina, lehen esan dizudan bezala, arreta jarri nahi dugulako kezka eragiten diguten taldeengan. Zaurgarriei probak egiten zaizkie, lehen bezala, eta gertutik monitorizatzen ditugu ospitaleratzeak, ZIUak eta heriotzak. Infekzioaren eboluzioaren irudi fidagarria dugu.
Iazko irailean, erakunde publiko askok bukatutzat eman zuten izurria, eta neurri murriztaileak arindu. Hutsegitea izan zen?
Jendeak ulertu baldin bazuen izurria amaitua zela, argi dago komunikazioa ez zela egokia izan. Une hartan eman nahi genuen mezua hau zen: birusaren zirkulazioa izugarri apaldu zela, eta, txertatze maila handia aintzat hartuta [artean indartze dosirik gabe], herritarrek babes egokia zutela COVID-19 larriaren aurka. Uste genuen etor zitezkeen olatuak txikiagoak izanen zirela... tartean ezusterik ez bazen. Adibidez, aldaera berri bat. Omikronekin gertatu zitzaiguna, alegia.
Gauza bera gerta daiteke orain?
Seigarren olatuaren ostean, transmisio maila apalago batera heldu gara, batez ere gaixotasun larriari dagokionez. Hala ere, baliteke birusaren beste aldaera bat agertzea, noski. Ospitaleratze eta heriotza mailak ez dira izanen izurriaren hasierakoak, ezta hurrik eman ere, baina kurban eragin dezake halako zerbaitek. Horregatik, garrantzitsua da izurria monitorizatzen segitzea, arnas aparatuko beste gaitz akutuekin egiten dugun bezala.
Zaila al da izurri baten osteko estrategia diseinatzea?
Oso zaila. Aintzat hartu behar dugu neurri murriztaileek eragin ekonomiko eta sozial handia dutela, eta pertsonen osasun fisikoari eta buru osasunari ere kalte egiten dietela, baina, era berean, ezinbestekoa da gaitza monitorizatzen segitzea. Hortaz, oreka bat behar dugu: izurriaren bilakaera neurtzen jarraitu, baina beste bide batzuk ere erabilita; besteak beste, zentinela izeneko zaintza sistema.
Zertan datza sistema berri hori?
Berez, ez da sistema berria, Nafarroan eskarmentu handia baitugu gripearen bilakaera monitorizatzen, laginen bitartez. Aurrerantzean, sistema hori indartuko dugu, gripea atzemateko erabiltzen den PCR proba berarekin, COVID-19a eta arnas birus sintzitiala ere detekta ditzan. Sistema martxan dago jada, baina datozen hilabeteetan indartuko dugu, udazkenerako are eraginkorragoa izan dadin. Ezinbestekoa da ongi prestatutako zaintza sistema bat izatea, iturri eta baliabide osagarriekin.
Zer iturri dira horiek?
Lehenik eta behin, ospitaleratutako pertsona kopuruak eta okupazio tasak ematen digute egoeraren berri modurik fidagarrienean, eta baita egiten ditugun proba kopuruak eta horien emaitzek ere. Horrez gain, hondakin uretako zaintza sistema dugu: Nilsa eta Nasertic sozietateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak garatu dute elkarlanean, eta eskuragarri dugu. Are: astero argitaratzen dugun txostenean hasiak gara hondakin uretan detektatutako birusei buruzko informazioa ematen. Beste informazio iturri osagarri bat laneko gaixo agiriak izan daitezke, zeharka bada ere, birusaren transmisioaren parekoa izan baita horien bilakaera.
CO2 neurgailu bat duzue. Elkarrizketaren hasieran, 493 ppm-tan zegoen; orain, 574tan. Egoki, beraz. Pentsatu duzue halakoak espazio publikoetan ezartzea?
Airearen kalitatea mantentzeko lagungarri dira, eta oso ongi funtzionatzen dute, batez ere jendea elkartu ohi den tokietan. Arnas aparatuko gaitzen aerosol bidezko transmisioari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio, eta, bide horretan, erabilgarriak izan daitezke halakoak, baina baita aire zabaleko jarduerak lehenestea ere, edo toki itxietan aireztapen egokia bermatzea, leihoak zabalik izanda. Hori ezinezkoa den kasuetan, ahalegina egin beharko genuke aireztapen sistemak hobetzeko.
Irakaspenik utzi al du izurriak?
Asko. Lehena: globalizazio kontzeptua indarrean dela, zentzu guztietan, eta epidemia bat askoz azkarrago hedatzen dela gaur egun. Beste kontzeptu bat: zaurgarritasuna. Izurri honek areagotu egin ditu desberdintasun sozialak. Maila sozioekonomiko apalagoko pertsonei eragin die bereziki: metro koadro gutxiagotan pertsona gehiagorekin bizi diren horiei, edo lan prekarioagoak dituztenei. Komunikazioa ere giltzarri izan da, eta izanen da etorkizunean ere: nola eman unean uneko egoeraren berri. Ziurgabetasuna kudeatu beharra dago, inork ez baititu erantzun guztiak, baina herritarrei mezu argiak eta egokiak eman behar zaizkie. Askotan egin behar izan dugu atzera, edo aurretik esandako zerbait zuzendu. Zientziaren munduan ohikoa da hori, baina pandemia baten erdian ziurgabetasun sentsazioa areagotzen du. Hor ere badugu zer ikasi.
Koronabirusa. Marian Nuin. Nafarroako Osasun, Publikoko Institutuko zuzendaria
«Sektore zaurgarrietan jarri behar dugu arreta»
Neurriak arintzea beharrezkotzat jo du Nuinek, osasun sistema babesteko, baina adinekoen eta immunoeskasia dutenen zaintza lehenetsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu