Seigarren eskola beharbada bai, baina seigarren aterpea ez

Ukrainako errefuxiatuen hamar familia bere aterpetik kanporatu gogo dituzte ekainaren 30ean. Atherbea elkarteak gogor salatu du kanporaketa hori, baita Frantziako Estatuak segipen sozialerako finantzaketa gelditu izana ere.

Eguzkiaren Etxean egon dira Ukrainako errefuxiatuen hamar familia, urtarrilaz geroz. GUILLAUME FAUVEAU
Eguzkiaren Etxean egon dira Ukrainiako errefuxiatuen hamar familia, urtarrilaz geroz. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai - Nahia Etxeberri Lopepe
ANGELU
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Angeluko (Lapurdi) Moura auzoan, Villarubio pasabideko zortzigarren zenbakian, Eguzkiaren Etxea dago: etxe handia da, oporretako etxe izandakoa. Barnean haurrak ari dira lasterka eta jostetan, ukraineraz mintzo; 10 bat urte dituzkete. Urtarrilaz geroz, Ukrainako errefuxiatuen hamar familia bizi dira Eguzkiaren Etxean; emazteak eta haurrak, hiru belaunalditakoak usu: amatxi, alaba eta bilobak. Atherbea elkartearen sostenguaren pean dira hamar familia horiek, eta beste batzuk ere badituzte, beste egoitza zenbaitetan aterpetuak. Baina, arazo bat heldu zaie enegarrenez, zeren ekainaren bukaerarako Eguzkiaren Etxea hustea galdegin baitiete Atherbea elkartekoei, eta, beraz, ukrainar errefuxiatuei. Hasieratik zekiten bolada batez egonen zirela etxe horretan, baina, halere, «urgentzian», oraino herritarren etxeetan aterpetuak ziren zenbait errefuxiatu instalatu zituzten bertan, Pantxika Ibarburu Atherbea elkarteko zuzendariak azaldu duenez.

Hamar familiak gela bakarreko hamar apartamentu ttipitan banatuak dira; apartamentuak horretarako antolatu ziren, hain zuzen. Hamar pisu horietako batean bizi da Oleksandra Kasprova 8 urteko neska, amarekin eta amatxirekin. Olena Txutovarekin. Gerlaz ihesi heldu ziren hirurak, duela bi urte eta erdi: «2022ko martxoan etorri ginen Ukrainatik. Lehenik gure hiritik, hau da, Krementxugetik abiatu, eta Ukraina erdira joan ginen», kontatu du Txutovak. Gero Marseillara, handik Lourdesera (Okzitania), eta Miarritze (Lapurdi) eta Baionan egon ostean, Angelura iritsi ziren azkenean.

Hilabete bukaeran lekuz aldatu beharko dute berriz ere. Baina nora joateko? Ibarburuk azaldu du Eguzkiaren Etxea Frantziako Estatuarena dela, Finantza Ministerioarena, eta ondasunak saltzeko asmotan dela. Zehaztekoa da estatuak berak abiatua zuela ukrainar errefuxiatuei harrera egiteko egitasmoa Pirinio Atlantikoetako Departamenduan, 2022ko martxoan. Haatik, honakoan, aterabiderik ez zaie oraino aurkeztu Eguzkiaren Etxean egoten direnei. Uztailetik goiti zer gertatuko zaien galdetuta, hauxe erantzun du prefeturak: «Estatuaren zerbitzuak beste epe bat negoziatzen ari dira, Ukrainako familiek manera izan dezaten gune horretan luzeago egoteko».

Etxebizitza

2022an martxan jarritako programaren barnean, Atherbeak euskal kostaldeko ardura hartu zuen; hots, 110 jenderen ardura. Horietako zenbait dira Eguzkiaren Etxean direnak. Ibarburuk kontatu du nola pasatu diren azken bi urteak: «Lehenik, herritarren etxeetan ziren gehienak, eta gure kideak etxe horietan ibiltzen ziren haiekin lotura egiteko, administrazio lanak egiteko, haurren eskolaratzeko eta abar. 110 horietarik hainbat gizarteratu dira». Hain zuzen, gizarteratze prozesua oso inportantea zaie, eta urrunago joanik ere, behin gizarteratzeko lehen urratsak eginik, beste pauso garrantzitsua «integratze ekonomikoarena eta etxebizitzarena» da. Kasu honetan, hain justu, buruan zuten ekainaren bukaerako epea. Diru aldetik autonomia lor zezaten nahi zuten, gero, berdin, etxebizitza bat alokatzeko.

Baina, ikusirik etxebizitzaren egoera zertan den Ipar Euskal Herrian, zinezko zailtasunak izan dituzte. Horregatik, nahiz horretan lanean aritu diren, hamar familietatik anitzek ez dute aterabiderik uztailerako. Ibarburuk zehaztu du: «Gehienek lana atzeman dute, baina etxebizitzen baldintzak hain gora ezarriak dituzte jabeek orain... Adibide bat: bagenuen familia bat bi haurrekin, eta biak lanean. Bien artean 3.000 euroko hilabete saria zuten; dena betetzen zuten. Nire lankideak hamar dosier pausatu ditu, eta, aldi oro, nahiz eta dosier ona izan, beti bada hoberik. Kasu hori konpondu da, eta lortu dute apartamentu baten giltza. Baina horiek bazuten 3.000 euroko hilabete saria: anitz da, besteekin alderatuz! Ez dugu beste familiarik hilabetean 3.000 euro dituenik».

Kasprova ere ausartu da Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren egoeraren inguruan hausnartzera: «Badakizue, uztailerako ehunka euro beharko dira, joan den urtean baino gehiago. Beraz, ea etxe bat atzematen dugun pixka bat merkeago».

Olena Chutova eta Olesksandra Kasprova
Olena Txutova eta haren biloba Oleksandra Kasprova, Eguzkiaren Etxean aterpetuak diren hamar familietako bat; Txutovaren alaba ere haiekin bizi da. GUILLAUME FAUVEAU
Arlo fisikoa eta psikologikoa

Kasprova ausardiaz mintzo da. Ez du Ukraina aipatu, salbu errateko han egoera sobera lanjerosa dela eta ezin direla itzuli. Frantziara sartu direnetik zonbat aldiz lekualdatu diren kontatu du. «Ene bosgarren eskola da! Gero, aldatu beharko dut berriz: seigarren eskola izanen dut. Estres pixka bat badut, zeren zaila da beti eskolaz aldatzea zerbaiti ohitua zarelarik; oraino gehiago anitz maite duzularik». Neskatxunak aski du beti eskolaz aldatzeaz; orduan, argiki mintzo da, badaki zer nahi duen. Eta haren amatxik gehitu du: «Bi urte eta erdiz gure neskatxunak jadanik zenbait ohitura garatu ditu: zinez maite du frantsesa, eta hemengo jendeekin harremana izatea. Argia da, baina zaila zaio etengabean mugitu behar izatea. Fisikoki eta baita psikologikoki ere».

Zeren arlo fisikoa eta psikologikoa bi gauza baldin badira, erraz bat egin dezakete, eta, honakoan, bi arloetako sostengua kenduko zaie. Ibarburuk azaldu du hori izan dela «gogorrena»: sostengu sozialerako baliabideak ere kentzea. «Egoitzarena gauza bat da, baina baldintzen berri bagenekien hasieratik. Bestalde, segipen sozialaren ardatza ere geldituko da; erran nahi du bi zango horiek moztuko zaizkiela ekainaren 30ean, eta hori biziki bortitza da». Erabaki horiek ere estatuaren zerbitzuetatik datoz, horiek baitituzte diruztatzen Atherbeak eta gisa horretako beste elkarteetan plantan ematen diren programak.

Artean, nahiz ekainaren 30eko epea izan, eta, zenbait familiak ez baitute mementokotz beste aterabiderik atzeman, Ipar Euskal Herriko ukrainar familien kolektiboak baieztatu du bertan bizi diren errefuxiatuek ez dutela asmorik Eguzkiaren Etxetik mugitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.