Bozen %29,43rekin, lehen atera da Peio Dufau Fronte Popular Berriaren izenean seigarren hautesbarrutian. Gibeletik, hurbil gelditu da Christian Deveze, Macronen gehiengoko hautagaia, %26,92ko emaitzarekin. Eta mila boz ingurutan dauka, hurbil, eskuin muturreko hautagaia Victor Lastecoueres, %25,29rekin. Azken horrek jakinarazi du bigarren itzulira aurkeztuko zela. Ondorioz, hiru hautagaien arteko lehia gertatuko da hautesbarruti horretan gaur zortzi.
«Emaitza ederra, baina dena egitekoa da», adierazi du Dufauk, eta kezkatua agertu da eskuin muturrak lortu duen boto kopuruarekin. «Lehen urratsa da, baina argi da gu garela eskuin muturrari alternatiba; aldaketa nahi duenarentzat gu gara alternatiba». Ideia horren inguruan ardaztuko dute bigarren itzuliko kanpaina. Hauteskunde hauetan izan den parte hartze handia azpimarratu du Dufauk, eta haren alde egin duten guziak eskertu ditu. «Azken bi asteetan kanpaina biziki azkarra izan da, plurala, zabala, ezkerreko alderdi guzietako jendeekin; eta gehiago zabalduko dugu».
Dufauren iritziz, jende anitzek Macronen kontra bozkatu du: «Paristik aipatzen zen eskuin muturra zela aukera hori». Kontrakoa erakusten entseatuko dira ondoko egunetan: «Gu gara bakarrak programa bat dutenak, etxebizitzari buruz aterabideak atzemateko, tokiko laborantza laguntzeko; Devezek ez du programarik eta RNk ere ez. Gu herriari loturak gara, erroak hemen ditugu, eta hori erakutsi nahi dugu». Esperantza mezu bat zabaldu nahi izan du.
Emmanuelle Brisson Errepublikanoa, laugarren bukaturik ere (%11,62), kontent da bere emaitzaz. «Emaitza biziki ederra da testuingurua zein den ikusita. Lehen kanpaina nuen, eta izen bat egin dut. Batasun Nazionaleko hautagaia ez bezala hemengoa naiz, baina zoritxarrez nazional mailako testuinguruak gainditzen gaitu. Ez dut lotsatzerik; segituko dut hautesbarrutian barna, eta hauteskunde berriak izango dira, berdin». Haatik, ez du deirik egiteko asmorik bigarren itzulirako. «Hautesleak libre dira beren bozarekin. Lagunekin mintzatuko naiz, eta bihar ikusiko, baina ez dut uste boz kontsignarik emanen dudanik». Ez eta Christian Devezerentzat ere. «Christian Devezek ez nau deitu».
Christian Deveze, hain zuzen, pozik da lehen itzulian egin dituen emaitzekin. «Emaitza ona da. Peio Dufauk Fronte Popular Berriarekin aliantza eginik, eta bereziki Frantzia Intsumisoarekin, Melenchon eta guztiarekin, argi zen zaila izanen zitzaidala nire zentroko hautagaitzarekin hobeki egitea. Gainera, 1.200 bozez aitzintzen du Batasun Nazionala». Batasun Nazionalaren emaitzak kezkatzen duenez galdetuta, Devezek zera dio: «Bai, bistan da. Larria da gure hautesbarrutian hain hurbil izatea». Bigarren itzulirako, ulertzen du Brissonen oharra. «Emmanuelle Brisson libre da nahi duen jarrera izateko. Haren hautesleek ikusiko dute bigarren itzuliko hautagaien artean zein hauta». Bizkitartean, aitortu du alde horretan bildu beharko dituela bozak. «Non diren bozak? Brisson aipatzen zenuen; badira hautesleak errepublikano historikoak direnak, [Eric] Ciottiri ez diotenak segitu Batasun Nazionalarekin egin duen aliantzan. Uste dut hor badela aliantza baten mentura guretzat. Saiatuko naiz lan egiten gure emaitzak nahikoa izan ez diren hirietan».