Sei urteko kartzela zigorra eskatu dute ertzain batentzat, drogaren truke laguntza agintzeagatik

Fiskaltzaren arabera, droga trafikatzeagatik akusatutako gizon bat behin baino gehiagotan mehatxatu zuen, eta gramo erdi bat kokaina hartu zion epaiketan onurak edukitzearen truke.

Ertzaintzaren operazio bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
Ertzaintzaren operazio bat, artxiboko irudi batean. MIGUEL TOÑA / EFE
nerea intxausti
2025eko otsailaren 10a
12:00
Entzun

Gipuzkoako Fiskaltzak sei urteko kartzela zigorra eskatu du Ertzaintzako patruilaburu batentzat. Leporatu diote ustezko droga trafikatzaile bat estutu izana kokaina emateko eta, trukean, epaiketan onurak agindu izana. Fiskaltzak funtzionario eroskeria eta desleialtasun delituak egotzi dizkio, ustez polizia idazki bat ere lapurtu zuelako.

Kartzela zigorraz gainera, fiskaltzak isuna ere eskatu du ertzainarentzat, 10.800 eurokoa. Baita edozein kargu eta lanpostu publikotarako inhabilitatzea ere hamalau urtez. 

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak ostiralean abiatuko du ertzainaren kontrako epaiketa; astelehenera bitarte iraungo du, eta orduan hasiko da deliberazioetarako tartea. Ustezko droga trafikatzaileak ezingo du epaiketan deklaratu, 2020ko uztailean hil baitzen. 

Dirua mesedeen truke

2020an kontrol prebentibo batean, gizon bati drogak konfiskatu zizkioten, eta atxilotu egin zuten. Orduan, fiskaltzaren arabera, akusatuak atxilotuarekin hitz egin zuen kartzelan, «bere eskumenak gaindituta». Besteak beste, 1.700 euro eta konfiskatutako eskuko bi telefono berreskuratuko zituela agindu zion, eta horregatik bostehun euro eskatu zizkion. Gainera, bere telefono zenbakia idatzi zion besoan, eta mehatxu egin zion: esan zion «txiki-txiki egingo zuela» kolaboratzen ez bazuen eta ez bazion deitzen aske uzten zutenean.

Gizonak, aske geratu zenean, poliziari deitu zion, eta bere etxean gelditu ziren. Bertan, fiskaltzaren esanetan, biek kokaina kontsumitu zuten, eta, alde egin aurretik, ertzainak beste gramo erdi bat kokaina hartu zuen, «oparitxo» gisa eta 1.700 euroak berreskuratzeko ordain gisa.

Ondorengo egunetan, ustez droga trafikatzen zuen gizonak dosi gehiago eman zizkion poliziari. Gainera, ertzainak eskatu zion izen zerrenda bat emateko, bestela bere kontrako epaiketan «galtzen aterako zela» mehatxatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.