Datuak

Sei pertsona hil dira Nafarroan COVID-19aren ondorioz

Beste 608 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Bizkaian eta Araban, gora egin du egun bakarrean detektatutako kasuen kopuruak. Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, bezperan baino gutxiago zenbatu dituzte. Nafarroan egindako testen %13k eman dute positibo.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. LUIS JAUREGIALTZO
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 6a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru egunez beheranzko joera izan ondotik, kutsatuen kurbak gora egin du berriz ere Hego Euskal Herrian. Izurria kontrolatzeko 9.513 PCR proba egin dituzte astelehenean, eta 608 positibo erregistratu dituzte guztira. Nafarroako egoera da kezkagarriena, beste behin. Han egindako proben %13k eman dute positibo azken egunean, eta koronabirusarekin lotutako sei heriotza erregistratu dituzte egun bakarrean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 51, 81, 89 eta 94 urteko lau emakumezko eta 86 eta 87 urteko bi gizonezko dira hildakoak.

Kutsatuen datuei erreparatuta, Nafarroan zenbatu dute kasu gehien: 272 izan dira, aurreko egunean baino 32 gutxiago. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da nabarmen apaldu dela egindako test kopurua lurralde horretan. Hegoaldeko gainerako herrialdeei so, azken datuen arabera, kasuak ugaritu egin dira Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan, berriz, positibo gutxiago zenbatu dituzte aurreko eguneko datuekin konparatuta. Zehazki, Bizkaian 168 positibo detektatu dituzte, bezperan baino 54 gehiago. Araban 52 erregistratu dituzte, aurreko egunean baino 21 gehiago. Gipuzkoan, berriz, 112 zenbatu dituzte atzo egindako probetan; hau da, igandean baino hamaika gutxiago.

Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, 50 pertsona ospitaleratu dituzte koronabirusaren sintomak zituztela. Aurreko egunean, berriz, 34 izan ziren. Aipatzekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kopuruak izandako hazkundea: atzo, 33 erietxeratu zituzten Osakidetzaren ardurapeko ospitaleetan; bezperan, aldiz, erdia baino gutxiago: 14.

Bestalde, Hego Euskal Herrian guztira 80 lagun daude zaintza intentsiboetako unitateetan COVID-19agatik erietxeratuta; aurreko egunean baino lau gutxiago, alegia.

Koronabirusak Euskal Herrian utzitako datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian zer eragin duen azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.