Herritarren poltsikoari eragiten dion zalantzetako bat argitu da hurrengo urteari begira: garraio publikoaren —trenak eta autobusak— beherapenak sei hilabete gehiago egongo dira indarrean, ekainaren bukaerara arte. Orduan aztertuko dute berriro luzatu edo ez. Ondorioz, %50eko beherapena izango da guztira: Espainiako Gobernuak ordainduko ditu beherapen horren 30 puntu, Eusko Jaurlaritzak hamar puntu eta diputazioek, garraio operadoreek eta hiri garraioaren arduradunek gainerako hamar puntuak. Renferen abonuak doakoak izango dira aurrerantzean ere.
Espainiako Gobernuak 2022an jarri zituen indarrean beherapenak, Ukrainaren inbasioaren osteko inflazioaren eragina arintzeko. Astelehenean onartuko du luzapena.
PSOEk Podemosekin hitzartu du garraio publikoko beherapenak luzatzea, gaur arratsaldean, Espainiako Kongresuan. Podemosen babesari esker, justiziaren eraginkortasunari buruzko legea onartu ahal izan du.
Etxegabetzeak
PSOEk eta Podemosek beste neurri bat ere hitzartu dute: urtebetez luzatuko dute familia zaurgarriak etxegabetzeko debekua, eta indargabetu egingo dute azaroan onartutako EAJren zuzenketa bat, etxeak okupatzen dituztenak kanporatzea azkartzeko. EH Bilduk, «okertuta», EAJren proposamenaren alde bozkatu zuen orduan. Espainiako Kongresuan bozkatuko duten hurrengo lege organikoan indargabetuko dute EAJren zuzenketa.
Neurri horiek jasoko dituen dekretua baliozkotu egin beharko dute Espainiako Kongresuan. Onartzeko, EAJk ere alde bozkatu beharko du. Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia EAJri eta Juntsi mintzatu zaie: «Kontra bozkatzen baldin badute, oso ondo azaldu beharko dute zergatik». Esan du inork ezin dituela atzera bota garraio publikoaren aldeko laguntzak.
Eusko Jaurlaritzak asteartean onartu zituen garraio publikoaren aurtengo beherapenak ordaintzeko diru laguntzak. 17,37 milioi euro ordainduko dizkie foru aldundiei, udalei eta garraio operadoreei: 7,4 foru aldundiei, 5,6 milioi euro Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta 4,2 milioi euro udalei. Guztira, 2022ko irailean beherapenak abian jarri zirenetik, Eusko Jaurlaritzak 41,7 milioi euro bideratu dizkie erakundeei eta garraio operadoreei.
2025ean indarrean jartzekoak dira beste abantaila bat ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoan: 12 urtetik beherako haur guztiek garraio publikoa doan izatea. Gaur egun 6 urtetik beherakoentzat da doakoa.