Polizia indarkeria

Sei hilabetera murriztu diote zigorra Amalur Mendizabal jo zuen ertzainari

Amaiurko senatari ohia jotzeagatik, bi urteko zigorra ezarri zioten poliziari. Auzitegi Gorenak arindu dio.

Amalur Mendizabal, jo zuten unean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2019ko abenduaren 16a
09:29
Entzun

2013ko irailaren 30ean gertatu zen, Herrira-ren aurkako operazioan. Amaiurreko senataria zen orduan Amalur Mendizabal. Guardia Zibila elkartearen Hernaniko (Gipuzkoa) egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak inguruak hartu zituen. Jende ugari bildu zen protestara, eta Ertzaintzak indarrez sakabanatu zuen. Mendizabal emakume bat babesten ari zen, senatari txartela aterata, eta ertzain batek buruan jo zuen. Bost zentimetroko ebakia egin zioten, eta zortzi puntu eman zizkioten.

Mendizabalek salaketa aurkeztu eta bost urtera heldu zen lehen ebazpena, iazko otsailean. Bertan, epaileak ontzat eman zuen fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako bi urteko zigor eskaera, eta, horretaz gain, bi urtean brigada ibiltarian aritzeko debekua ere ezarri zioten inputatutako ertzainari. Jaurlaritzak esan zuen "neurrigabea" zela zigorra.

Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du zigorra sei hilabetera jaistea. Izan ere, uste du Zigor Kodearen 21.7 artikuluko aringarria ezar dakiokeela ertzainari, argudiaturik betebehar bat gauzatzen ari zela polizia, eta egoerak "ahuldu" egin zuela haren erantzukizuna. Poliziak helegitea jarri zuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren zigorraren aurka, eta Auzitegi Gorenak partzialki onartu du.

3.600 euroko kalte-ordainak ematera ere zigortu zuten, baina horri eutsi egin dio Auzitegi Gorenak. Aldiz, lanbide publikoan aritzeko debekua bertan behera utzi dute orain epaileek, zigortutako ekintza "akusatuaren jarduera profesionaletik eratortzen" delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.