Sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Michele Alliot-Marieri

Donibane Lohizuneko auzapezorde zela kargua bere intereserako erabiltzeagatik zigortu dute politikaria. Haren abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela.

Michele Alliot-Marie, iaz, Miarritzen antolatutako ekitaldi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Michele Alliot-Marie, iaz, Miarritzen antolatutako ekitaldi batean. GUILLAUME FAUVEAU
aitor biain
2024ko irailaren 6a
16:35
Entzun

Michele Alliot-Marieri sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Nanterreko Zigor Auzitegiak (Paris, Frantzia), Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. 2010 eta 2012 artean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapezorde zela kargua bere intereserako erabili eta dirua bidegabe erabiltzeagatik zigortu dute. Orotara, 200.000 euro desbideratzea leporatzen diote. Haren abokatuak iragarri du helegitea aurkeztuko duela.

Joan den uztailaren 1ean epaitu zuten politikaria. Fiskaltzak, bi urteko kartzela zigorraz gain, 50.000 euroko isuna eta hiru urteko inhabilitazioa ere eskatu zituen harentzat, baina epaileak ez du aintzat hartu eskaera hori. Epaileak ebatzi du karguaren erabilera bidegabe hori «zeharkakoa» eta «neurtua» izan zela, ez zuelako hainbeste diru ere desbideratu. Horregatik, «ohartarazpen» izendatu du zigorra.

Donibane Lohizuneko auzapez izateaz gain, Frantziako Asanbleako diputatu izan zen urteetan, eta Frantziako Gobernuko zenbait ministerio garrantzitsuren ardura izan zuen Jacques Chirac eta Nicolas Sarkozy presidenteen agindupean: besteak beste, Defentsa Ministerioarena, Justizia Ministerioarena, Kanpo Aferetako Ministerioarena eta Barne Ministerioarena. Gaur egun 77 urte ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.