Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio ertzain bati, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean atxilotuta eduki zuten emakume bat jotzeagatik. Poliziak 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. 2018ko maiatzean atxilotu zuten, Getxoko supermerkatu baten aurrean, gizon bat identifikatzerakoan poliziek izaniko jarrera kritikatu ostean. Ertzainek desobedientzia delitu bat leporatu zioten emakumeari, eta delitu hori berretsi du auzitegiak.
Auzitegiak astelehenean hartu zuen erabakia, eta gaur jakinarazi die bi aldeei. Zigortutako ertzainari, espetxe zigorraz gain, kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri diote, zigorrak iraun bitarterako. Era berean, 900 euroko isun bat ordaindu beharko du, kalte moralengatik ezarritako kalte ordainaz gain. Emakumeari, berriz, 540 euro inguruko isun bat ezarri dio, desobedientzia delitu batengatik, nahiz eta ebazpenean epaimahaiak azaldu duen atxiloketaren unean emakumeak ez zuela «ekintza erasokorrik» egin.
Ebazpenaren arabera, erresistentzia eta desobedientzia delitu bat egotzita atxilotu zuten ertzainek andrazkoa, eta, polizia etxean zutela, poliziek hartu zioten diru zorroa haietako bati kentzen saiatu zen. Une hartan, zigortutako agenteak besotik heldu zuen emakumea, «gehiegikeria argiz eta inongo beharrik gabe», eta zaplazteko bat eman zion. Ondoren, emakumeak «aurpegia eta lepoa atzamarkatu» zizkion poliziari, eta hark «bi ukabilkada gogor» eman zizkion. Dena grabatu zuten polizia etxeko kamerek.