Sei hilabeteko espetxe zigorra berretsi diote ertzain bati, atxilotua zuten andre bat jotzeagatik

Emakumeak zein agenteak aurkeztutako helegiteak atzera bota ditu EAEko Auzitegi Nagusiak. Prozesuak iraun duen sei urteetan emakumeak erakutsitako ausardia azpimarratu du haren abokatuak.

Silviari babesa erakusteko elkarretaratzea, Bizkaiko Auzitegiaren aurrean, urrian egindako epaiketaren harira. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Silviari babesa erakusteko elkarretaratzea, Bizkaiko Auzitegiaren aurrean, urrian egindako epaiketaren harira. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko martxoaren 15a
14:25
Entzun

Bizkaiko Auzitegiak iazko azaroan ebatzitakoa berretsi du orain EAEko Auzitegi Nagusiak: sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote ertzain bati, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean atxilotuta eduki zuten emakume migratzaile eta arrazializatu bat jotzeagatik. Poliziak 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari, Silvia izeneko emakumeari. Azken horri, aldiz, desobedientzia delitua egotzi zion Bizkaiko Auzitegiak, eta hori ere berretsi du EAEko Auzitegi Nagusiak.

Izan ere, sententzia osoki berretsi dute. Zigortutako ertzainari, espetxe zigorraz gain, kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri diote, zigorrak dirauen bitarterako. Era berean, 900 euroko isun bat ordaindu beharko du, kalte moralengatik ezarritako kalte ordainaz gain. Emakumeari, berriz, 540 euro inguruko isun bat ezarri dio, desobedientzia delitu batengatik.

Andreak eta ertzainak helegitea jarri zuten Bizkaiko Auzitegiaren sententziaren aurka, baina biak bota ditu atzera EAEkoak. Agenteak epaiketa baliogabetzeko eskaera egin zuen, bi perituren deklarazioa ez baitzuten grabatu eta, horrela, defentsarako oinarrizko eskubidea urratu ziotela uste baitzuen. Azaroan ebatzitakoa ekarri du gogora auzitegiak: Bizkaiko Auzitegiak onartu zuen bi peritu horiek ez grabatu izana, epaiketa amaitzean sistema informatikoaren funtzionamenduan arazo bat egon zela ikusi ostean.

Auzitegiak jakinarazi du proba horien grabazio falta «garrantzirik gabekoa» dela. Hortaz, ertzainaren eskaera bertan behera utzi du, ez delako «benetako defentsa gabeziarik gertatu».

Emakumearen defentsaren helegitea ere baztertu du. Absoluzioa eta agentearentzako zigor handiagoa eskatu zituzten. «Agenteari ezarritako zigorra larriagotzeko eskaera ezin da onartu, balorazio subjektiboan eta propioan oinarritutako eskaera hutsa baita», esan du auzitegiak. Gaur-gaurkoz, sententzia ez da irmoa: helegitea aurkez daiteke Espainiako Auzitegi Gorenean.

Agatha Libano epaitutako emakumearen abokatuaren arabera, «positiboa» da agenteak jarritako helegiteari «bat ere» kasurik egin ez izana. Are, «garaipentzat» jo du heldu diren tokira arte iritsi izana. «Zazpi urteko zigorra eskatu zuten berarentzat; beraz, pentsatu behar dut garaipen bat izan dela». Halere, aitortu du «triste» ere badagoela: «Bidegabea iruditzen zait andreari delitu bat egotzi izana; eta ez da koherentea, duen testuingurua kontuan hartuta».

Sei urteko prozesua

2018ko maiatzean atxilotu zuten Silvia, Getxoko supermerkatu baten aurrean, gizon bat identifikatzeko orduan poliziek izaniko jarrera kritikatu eta gero. Bizkaiko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, erresistentzia eta desobedientzia delitu bat egotzita atxilotu zuten ertzainek andrazkoa, eta, polizia etxean zutela, poliziek diru zorroa hartu zioten, eta hura haietako bati kentzen saiatu zen. Momentu horretan, agenteak besotik heldu eta zaplazteko bat eman zion, «gehiegikeria argiz eta inongo beharrik gabe». Ondoren, emakumeak «aurpegia eta lepoa atzamarkatu» zizkion poliziari, eta hark «bi ukabilkada gogor» eman zizkion. Dena grabatu zuten polizia etxeko kamerek.

Libanok gogoratu duenez, «modu irregular batean» atxilotu zuten Silvia, eta ez zizkioten bere eskubideak azaldu. «Polizia agenteak ez zituzten bete jarraituko beharreko protokoloak», esan du Libanok. Are, ez zaio egokia iruditzen «delitu larri bat» egotzi izana. «Bizirik mantentzen duen hori babestu nahi zuen, normala da diru zorroa lortu nahi izatea. Zigortu nahi bazuten, beste modu batzuk zeuden, besteak beste, zigor administratiboa». Izan ere, isuna jarri diote emakumeari, «baliabide ekonomikorik» ez duela jakinda. Ordaindu ezean, beraz, kartzelan sar daiteke «modu subsidiarioan».

Epaiketa iazko urriaren 4an egin behar zuten arren, hilaren amaierara atzeratu zuten, Istanbulgo Protokoloa froga gisa onartu baitzuten. Hain zuzen, auzitegiak urriaren hasieran onartu zuen protokoloa froga gisa; tresna horren arabera egiten dituzte polizien ustezko tratu txarren inguruko osasun eta lege azterketak. Andrea Galan psikologoak eta Pau Perez-Sales eta Paula de la Fuente medikuek txosten bat egin zuten, eta bertan adierazi zuten andreak polizia etxean «tratu iraingarria eta zitala» jasan zuela. Perez-Salesek, gainera, nabarmendu zuen Silviaren testigantza «sinesgarria» zela, eta sufrimendu «oso gogorra» hauteman zitekeela haren hitzetan.

Autoritateari aurre egiteagatik, Fiskaltzak hamazortzi hilabeteko zigorra eskatu zuen Silviarentzat; Eusko Jaurlaritzak, aldiz, bost urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra Silviarentzat, «agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia» egotzita.

Epaiketaren egunean, SOS Arrazakeriak zehaztu zuen atxilotu zutela «pertsona pobre bat defendatu zuelako». Polizia etxera eraman zutenean, tratu txarrak eta erasoak jasan zituela salatu zuten. Izan ere, defentsak aurkeztutako bideo batean ikus daiteke poliziek eraso ziotela emakumeari. Defentsak hamazortzi hilabeteko zigorra eskatu zuen agentearentzat, Silviaren atxiloketan «portaera neurrigabea» izateagatik.

Ia sei urteko prozesuaren ostean jaso du Silviak EAEko Auzitegi Nagusiaren sententzia. Urte guzti horietan Silviak erakutsitako ausardia azpimarratu du Libanok: «Borrokatu dena izugarria izan da». Eta ez du pairatu behar izan duena: «Urte oso gogorrak izan dira; zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuten berarentzat, komunikabideek oso gaizki tratatu dute, arrazakeria izugarriarekin... Orain, lur jota dago». Zaurgarrienen aurkako «gehiegikeria» kritikatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.