Gorabide adimen desgaitasuna dutenei eta haien familiei laguntzeko Bizkaiko elkarteak 60. urteurrena ospatu du gaur Bilbon. Urteurrenaren harira antolatutako mahai inguruan, hizpidera ekarri dute gizarte politikak aurrera eramateko orduan elkarrizketa sozialak eta administrazio publikoen eta elkarteen arteko lankidetzak duten garrantzia. Gorabide eta Fevas elkarteetako zuzendariez gain, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak eta udal agintariak izan dira hartan.
Susana Gorbeña Gorabideko presidenteak baieztatu duen arren azken sei hamarkadetan hamaika aurrerapen egin dutela adimen desgaitasuna dutenek «bizi hobea eta duinagoa» izateko, aitortu du oraindik lana dagoela egiteko adimen desgaitasuna dutenek «beste edozein biztanleren eskubideak guztiz lortzeko». Helburu hori bete ahal izateko, hiru esparrutan egin dute lan Gorabiden azken urteotan, Gorbeñaren aburuz: gizarte zerbitzuak sustatzen, adimen desgaitasuna dutenen irudi positiboa bultzatzen, eta eskuratutako jakintzak zabaltzen.
Mahai inguruaren ostean, euritakotada egin dute, adimen desgaitasuna dutenek gizartean dagokien lekua aldarrikatzeko. Bizkaia plazan bilduta zeuden ehunka pertsonek euritakoak zabaldu dituzte aldi berean. Ekintza horrekin, irudikatu nahi izan dute «euria egiten duenean pertsona orok euritako bat behar duen bezala, bizitzan pertsona orok laguntza behar izaten duela noizbait». Gizartea «geroz eta inklusiboagoa» bihurtzen ari dela esan du Gorbeñak, egiten duten kontzientziazio lanaren ondorio gisa.
B aldea
Ifrentzua ere izan du gaurko ekitaldiak. Izan ere, hainbat langilek protesta egin dute beren lan baldintza «eskasengatik». Salatu dutenez, pandemian ezinbestekotzat jo zituzten arren, egun «ikusezinak» dira. Protestarako arrazoien artean daude Gorabidek falta diren langileak ez ordezkatzea, eta hainbat zentrotan gauez langile bakarra egotea hogei pertsona baino gehiago zaintzeko.