Baionako bestetan 46 urteko gizonezko bat hil zen zafraldi bat bildu ondoan; etxera sartzen ari zela, ate aitzinera iristean, hiru gizonek sartzea trabatu zioten; galdetu zienean handik mugitzeko, jo egin zuten, behin eta berriz, bortizki. Handik zenbait egunetara hil zen gizona, Baionako ospitalean. Frantziako Poliziak gizon baten robot irudia zabaldu zuen berehala, eta adierazi zuten beste bi gizonen bila ere bazebiltzala. Bi hilabete pasatu dira dagoeneko, eta goiz honetan sei lagun atxilotu dituzte: hiru Essonnen (Frantzia), Paris ondoan, eta beste hiru Bretainian. Adierazi dute ustezko hiltzaileak ihes egiten lagundu dituztelakoan atxilotu dituztela gainerako hirurak.
Sei gizonak 21 eta 27 urte artekoak dira, Presse Ocean hedabidean arabera. Baionako prokuradoreak baieztatu du atxiloaldian daudela, atxilotu dituzten lekuetan. Baionako instrukzio epaileak hilketagatik zabaldu duen ikerketaren pean daude.