Foruzaingoak asteburuan egindako atxiloketen berri eman du. Jakinarazi duenez, lau gizonezko atxilotu dituzte genero indarkeriaren delitua leporatuta. Atxiloketa horietako bi Iruñean egin dituzte; beste bat, Cadreitan; eta laugarrena, Ameskoabarrenan. Ez dute kasuon inguruko beste xehetasunik eman.
Horietaz gainera, beste bi gizon atxilotu dituzte sexu erasoengatik. Gizonetako bat Iruñean atzeman zuten, bikotekide ohiari sexu eraso bat egitea egotzita; emakumeak urruntze agindu bat galdegin zuen. Beste gizona, berriz, Tuteran atxilotu zuten, ukituak egitea leporatuta.
Bestalde, Gasteizko Udaltzaingoak adierazi duenez, 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat iluntzean Gasteizen, bikotekideari kalean jotzea leporatuta. Larunbat gauean gertatu zen erasoa, Prudencio Maria Berastegi kalean, eta lekuko batzuek eman zioten abisua Udaltzaingoari. Poliziek genero indarkeria egotzita atzeman zuten gizonezkoa.