Sei euskal preso eta preso ohi ikertu gisa deitu ditu Auzitegi Nazionalak

2002ko atentatu bat dela-eta deitu ditu Garcia Castellon epaileak, ETAko zuzendaritzako kide gisa ekintzan izan zezaketen erantzukizunagatik

Marixol Iparragirre, Auzitegi Nazionalean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek ikertu gisa deitu ditu Jon Olarra Guridi, Ainhoa Mujika, Iñaki Esparza, Mikel Albisu, Marixol Iparragirre eta Ramon Sagarzazu euskal herritarrak. 2002an ETAk Santa Polan (Herrialde Katalanak) egindako atentatuarekin izan dezaketen lotura ikertzen ari da instrukzio epailea.

Erabakiak Dignidad y Justicia elkarteak jarritako kereila bat du oinarri. Elkarteak helburu du 2002an ETAko zuzendaritzako kide zirenak atentatuagatik epaitzea, haren «egile intelektualak» izan zitezkeelakoan. Epaileak martxoan onartu zuen kereila tramiterako, eta Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari eskatu zien zuten informazioa auzitegiaren esku uzteko. Guardia Zibilaren txostenak dio seiak ETAren zuzendaritzako kide zirela, eta, ondorioz, erakundeko «aparatu militarraren» arduradun zirela gertaera jazo zenean.

Atentatua 2002ko abuztuaren 4an egin zuen ETAk, Guardia Zibilaren kuartel baten aurka, eta bi lagun hil ziren: gizon bat eta haur bat. Auzitegi Nazionalak epaitu eta zigortu egin zituen ekintzaren egiletzat jo zituen bi lagunak, baina, orain, ETAko zuzendaritzak izan zezakeen rola ikertzen ari da.

Santa Polako ekintzaren ingurukoa ez da azken hilabeteetan Auzitegi Nazionalak ireki duen auzi bakarra. Dignidad y Justiciak jarritako kereilei men eginda,Gregorio Ordoñez eta Miguel Angel Blanco PPko kideen eta Francisco Querol magistratuaren hilketen gaineko ikerketak ere berriz ireki ditu auzitegiak.

Blancoren hilketaren kasuan, Garcia Castellon bera Iparragirre, Albisu eta Josetxo Arizkuren ikertzen ari da. Iparragirre eta Albisu hilaren 21erako deitu zituen, baina haiek uko egin zioten deklaratzeari. Orduan, haien abokatuak, Amaia Izkok, adierazi zuen auziek ez dutela «inongo oinarririk, ez legerian, ez jurisprudentzian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.