Sei euskal preso eta preso ohi deitu ditu deklaratzera Espainiako Auzitegi Nazionalak, ikertu moduan. Manuel Garcia Castellon epaileak martxoan ireki zuen berriz ETAk 2002an Santa Polan (Alicante, Herrialde Katalanak) egindako atentatuarekin lotutako sumarioa, Dignidad y Justicia elkartearen kereila baten ondoren. Poliziari eta Guardia Zibilari informazio eskatu zien epaileak, eta Jon Olarra Guridi, Ainhoa Mugika, Iñaki Esparza, Mikel Albisu, Marisol Iparragirre eta Ramon Sagarzazu auzipetu ditu orain, garai hartan ETAko buru zirela argudiatuta.
Guardia Zibilaren kuartel baten aurka jo zuen ETAk Santa Polan 2002ko udan, lehergailu bidez, eta 57 urteko gizon bat eta sei urteko haur bat hil ziren leherketaren eraginez.
Ikusi gehiago: Fronte judizialean katigatuta
Antzeko auzi gehiago ere zabaldu dituzte azkenaldian; esaterako, Miguel Angel Blancoren hilketarekin lotutakoa. Kasu hartan ere Garcia Castellon epailea aritu da instrukzioan. Auzi hartan ere deitu zituzten deklaratzera orain auzipetuetako bi, Iparragirre eta Albisu. Azken hilabeteetan, ETAren beste zenbait atentatu berraztertzen aritu dira, kasu honetan bezala, ETAren zuzendaritzek zer erantzukizun izan zuten argitzeko.