Europako Parlamenturako bozak igarota, zehaztu da zenbat euskal herritar arituko diren Estrasburgon datozen bost urteetan. Denera, sei izango dira, azken legealdian baino bi gutxiago: Alderdi Sozialistako eta PPko bina ordezkari dira, eta EH Bilduko eta EAJko bana. EH Bilduko Pernando Barrenak eta PPko Javier Zarzalejosek eta Antonio Lopez-Isturizek jada ezagutzen dute europarlamentua. Eta lehen aldiz arituko dira Estrasburgon EAJko Oihane Agirregotia eta PSOEko Idoia Mendia eta Elena Santxo. Podemosek eta Ciudadanosek, berriz, ordezkaritza galdu dute.
Idoia Mendia – Alderdi Sozialista
Iñigo Urkullu lehendakariaren Eusko Jaurlaritza jardunean da oraindik ere, baina gobernu hartan egiten ari zen lanak aurrez utzi zituen Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak (Bilbo, 1965). Apirilaren amaieran izan zen hori; orduan iragarri zuen PSE-EEren europarlamenturako hautagai izango zela, Eider Gardiazabal ordezkatzeko helburuarekin. Mendia PSE-EEren aurpegi nagusietako bat izan da azken hamar urteetan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzan aritzeaz gain, alderdiaren idazkari nagusi ere izan zen 2014tik 2021era. PSOEren zerrendako hamargarrena da Mendia, eta ez du arazorik izan eserleku bat eskuratzeko. Datozen urteetan, S&D Sozialista eta Demokraten Aliantza Aurrerakoiko kide izango da Estrasburgon.
Elena Santxo – Alderdi Sozialista
Mendia PSE-EEren ordezkaria izan da PSOEren zerrendan, eta Elena Santxo (Ribaforada, Nafarroa, 1989), berriz, PSNrena. Azken asteetako inkestei erreparatuz gero, ez zegoen argi europarlamentuan Santxorentzat eserlekurik izango ote zen, baina Alderdi Sozialistak hogei ordezkari eskuratu ditu azkenean, eta, beraz, maleta prestatu beharko du hark ere; PSOEren zerrendako hemeretzigarrena da. Santxo Ribaforadako Udaleko zinegotzia da, eta PSNren batzordeko kidea. Europarlamentuan egongo den Euskal Herriko ordezkaririk gazteena izango da. Hura ere S&D talde parlamentarioan arituko da. Adriana Maldonado ordezkatuko du PSNko ordezkari gisa.
Pernando Barrena – EH Bildu-Orain Errepublikak
Pernando Barrenak (Iruñea, 1965) ibilbide luzea egin du politikan, eta gutxienez beste bost urte luzatuko du lan hori. EH Bilduren hautagaiak eutsi egin dio 2019an eskuratu zuen eserlekuari, eta koalizio subiranistak Hego Euskal Herrian emaitzak hobetu izanak legealdi osoa irauteko bide emango dio, Orain Errepublikak koalizioan ERCrekin, BNGrekin eta Ara Mesekin egindako akordioaren arabera. Izan ere, azken legealdian BNGko Ana Mirandari utzi zion bere postua, hiru urte egin ostean. Bitarte horretan, askatasun zibileko eta migrazioko gaietan aritu zen, batez ere. Europarlamentuan, The Left ezkerreko talde parlamentarioko kide da.
Oihane Agirregoitia – EAJ-CEUS
Inkestek kolokan jartzen zuten CEUS Europa Solidarioago baten Aldeko Koalizioa gai izango ote zen bere eserlekuari eusteko, baina eutsi dio. Oihane Agirregoitiak Izaskun Bilbao ordezkatuko du europarlamentuan. Agirregotiak udal politikagintzatik egingo du Estrasburgorako jauzia. Izan ere, Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen 2011tik 2023ra, eta Bizkaiko Aldundiko Gobernamendu Onaren, Herritarrenganako Laguntzaren eta Zerbitzu Digitalaren zuzendaria iazko bozetatik. EAJ Europako Alderdi Demokratikoko kide da, eta, beraz, Agirregoitia Renew talde parlamentarioan arituko da hastear den legealdian.
Javier Zarzalejos – PP
Javier Zarzalejos Alderdi Popularreko kideak (Bilbo, 1960) Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egin du hauteskunde kanpaina, baina Euskal Herritik kanpo egin du bere ibilbide politikoaren zati handiena; nagusiki, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohiari lotuta. Hura gobernuko presidente zela, presidentetzako idazkari nagusi izan zen Zarzalejos. 2004ko bozen ostean PPk gobernua galdu zuenean, berriz, FAES fundaziora egin zuen jauzi. Azken bost urteak Europako Parlamentuan egin ditu; Europako Alderdi Popularraren ordezkarietako bat izan da, besteak beste Afera Juridikoen Batzordean eta Askatasun Zibilerako, Justiziarako eta Barne Gaietarako Batzordean.
Antonio Lopez-Isturiz – PP
Alderdi Popularraren zerrendako hamazazpigarrena da Antonio Lopez-Isturiz (Iruñea, 1970). Postu horrek balio izan dio europarlamentuan duen eserlekuari eusteko. Hura da Estrasburgon denbora gehien daraman euskal herritarra; azken hogei urteak egin ditu ganbera hartan, 2004tik aurrera beti leku bat izan baitu PPren zerrendan. Ardura postuak ere izan ditu Europako Alderdi Popularrean; besteak beste, idazkari nagusia izan zen. Azken legealdian, berriz, Israelekiko Harremanetarako Ordezkaritzako presidente izan da, eta Atzerri Gaietarako Batzordeko kide.