Sei bankutan euskarazko erlazioak sustatuko dituzte Euskaraldiaren harira

Finantza entitateek euskararekiko konpromisoa berretsi dute Euskaraldia baliatuta. Zupiriak goraipatu egin du bankuetan ariguneak eratzea

Euskaraldiko ekitaldia, atzo, Euskaltzaindiaren egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute sei bankuk Euskaraldiaren harira. Bankoa-ABANCAko, BBVAko, Caixabankeko, Nafarroako Rural Kutxako, Kutxabankeko eta Laboral Kutxako ordezkariek plazaratu zituzten beren asmoak atzo, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Euskara sustatu eta ohiturak aldatzeko asmoz, Euskaraldian parte hartuko dute erakunde horiek, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Denbora horretan, euskararen erabilera areagotzeko gune erosoak sortuko dituzte, hau da, ariguneak, eta langileak belarriprest edo ahobizi gisa aritzera gonbidatuko dituzte. Helburua da euskara erabiltzea langileen eta bezeroen arteko harremanetan.

Goiatz Urkijo Kastañares Euskaraldiko koordinatzaileak gogora ekarri du Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza ohiturak aldatzea dela. Berretsi du euskarazko praktika linguistikoak areagotzeko lekuak lortu behar direla euskararentzat. Bankuak biztanleriaren eguneroko bizitzaren parte dira, eta, horregatik, bertan hiztunentzat leku erosoak eratzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Urkijok, «bide erakusleak izan daitezkeelako».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere ariguneen garrantzia azpimarratu du. Bankuak arigune bihurtzea «ekarpen handia» dela esan du, entitateen eta herritarren arteko zubiak eratzeko balioko baitu euskarak. Gainera, zubi lan horiek egiteko hizkuntza euskara izatea «hizkuntzaren normalizaziorako oso garrantzitsua» da, sailburuaren aburuz: «Elkarrekin ematen diren pausoek euskararen prestigio soziala indartzeko balio dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.