Euskaraldia

Sei bankuk helburu jarri dute langileen eta bezeroen arteko harremanak euskaraz izatea

Finantza entitateek euskararekiko konpromisoa berretsi dute Euskaraldian parte hartuz. Zupiriak adierazi du herritarrek bankuekin duten harremana gusturago bizitzeko ezinbestekoa dela euskaraz aritu ahal izatea.

Euskaraldiko koordinatzaiea, Bingen Zupiria sailburua eta sei bankuetako ordezkarak gaur Euskaltzaindiank Bilbon duen egoitzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 28a
16:03
Entzun

Euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute sei bankuk Euskaraldiaren barruan. Bankoa-ABANCAko, BBVAko, Caixabankeko, Nafarroako Rural Kutxako, Kutxabankeko eta Laboral Kutxako ordezkariek plazaratu dituzte haien asmoak gaur, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan. Euskara sustatu eta ohiturak aldatzeko asmoz, Euskaraldian parte hartuko dute sei erakundeek, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Denbora tarte horretan, euskararen erabilera areagotzeko gune erosoak sortuko dituzte, hau da, ariguneak, eta langileak belarriprest edo ahobizi gisa aritzera gonbidatuko dituzte. Helburua da euskara langile eta bezeroen arteko harremanetan erabiltzea.

Goiatz Urkijo Kastañares Euskaraldiko koordinatzaileak gogora ekarri du Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza ohiturak aldatzea dela. Berretsi du horiek aldatu eta euskarazko praktika linguistikoak areagotu ahal izateko euskararentzat lekuak lortu behar direla. Bankuak biztanleriaren eguneroko bizitzaren parte dira; horregatik, bertan hizkuntzarentzat leku erosoak eraikitzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Urkijok, «bide erakusleak izan daitezkeelako». Izan ere, Urkijorentzat hizkuntza baten erabilera areagotu egiten da hiztunen egunerokoan gune erosoak sortzen diren heinean.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak ere ariguneen garrantzia azpimarratu du. Bankuak arigune bihurtzea «ekarpen handia» dela aipatu du, entitateen eta herritarren arteko zubiak eratzeko balioko baitu euskarak. Gainera, zubi lan horiek egiteko hizkuntza euskara izatea «hizkuntzaren normalizaziorako oso garrantzitsua» da, sailburuaren aburuz: «Elkarrekin ematen diren pausoek euskararen prestigio soziala indartzeko balio dute».

Ana Urkiza Bankoa-ABANCAko Euskara koordinatzaileak esan du Euskaraldiak «naturaltasuna eta onarpena» eman diela. Aurreneko Euskaraldia hasi aurretik egindako lanari ikusgaitasuna emateko balio izan diela aipatu du Urkizak: «Lehen, azalpen asko eman behar genituen euskaraz aritzeagatik. Euskaraldiari esker, ezer azaldu gabe euskaraz harremanak sortu ahal ditugu». Kutxabankentzat, bestalde, egitasmoak balio izan du «euskaraz lan egiteko oztopoak ezagutzeko», beti xede argi batekin: bankuan euskararen erabilera hobetzea. Sei erakundeetako ordezkariek euskara hutsean egin dituzte agerraldiak, BBVAk izan ezik, ele bitan egin baitu.

Euskaraldiaz haratago

Bingen Zupiriak argi du herritarrek bankuekin duten harremana gusturago bizitzeko ezinbestekoa dela euskaraz aritu ahal izatea. Horregatik, garrantzitsutzat jo dituzte Euskaraldiaz at aurrera eramaten diren jarduerak. Euskararekin duten konpromisoa mantentzeko, Laboral Kutxak B2 helburu programa darama aurrera. Izan ere, kontsumitzaileekin harremanak euskaraz izan daitezkeela bermatzeko, Laboral Kutxan lan egin ahal izateko euskarazko B2 maila eskatzen dute. Jadanik lanean dagoen norbaitek maila ez badu, enpresak erraztasunak ematen dizkio euskara ikasteko, Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Pertsonal eta Baliabideak saileko zuzendariak azaldu duenez. Erraztasun horien artean dago soldata mantenduz hilabetez barnetegi edo euskaltegi batean egoteko aukera. Agirreren arabera, urtero hamar pertsona inguruk hartzen dute parte.

Besteek ere badituzte euskara eta euskal kultura babesten dituzten ekintzak. Bankoa-ABANCAk ordutegia malgutzen du langileak euskaltegira joan ahal izateko, edo mintzalagunak ekartzen ditu bazkaltzeko. Izan ere, euskaraz ez dakiten langile berriei euskaraz ikasteko konpromisoa eskatzen diete. Horretaz gain, Caixabankek, esaterako, euskal kultura bultzatzen du arrauna eta esku pilota babestuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.