Hiri eta herrietako segurtasuna. Hori da hauteskundeen aurreko kanpainak izan duen zutabeetako bat. Ez da kasualitatea; izan ere, azken ikerketen arabera, segurtasun ezaren sentipena gora doa herritarren artean, eta geroz eta arrabots handiagoa hartzen dute hedabideetan ere lapurretez edo bortizkeriaz diharduten albisteek. Baina zenbat dauka errealitatetik segurtasun ezaren sentipenak? Eta zein da ustezko segurtasun batengatik ordaindu beharreko prezioa? Zein da ezkerrak hartu beharreko norabidea arlo horretan? Galdera horiek erantzuten saiatu ziren, besteak beste, asteartean Galde aldizkariak Donostiako San Telmo museoan antolatutako mahai inguruan.
Disziplina ezberdinetan adituak diren hiru emakume aritu ziren gaiaren bueltan: Arantxa Tirado politologoa, Nazioarteko Harremanetako doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB); Miren Ortubai abokatu eta kriminologoa, Zigor Zuzenbideko doktorea EHUn; eta Amaia Gonzalez soziologoa, gizarte-ikertzailea eta militante feminista. Imanol Zubero soziologian doktorea eta EHUko irakaslea aritu zen moderatzaile lanetan.
Hiru hizlariek Galde aldizkariko azken zenbakian idatzi dute, hain zuzen, segurtasunaren inguruan. Bere artikulua zein posiziotik idatzi duen argitu nahi izan zuen Tiradok hasieratik: «Posizio militante batetik osatu dut testua. Ni langile klasearen parte naiz, eta, horrenbestez, eskuinak nire klasea kriminalizatzeko erabiltzen dituen segurtasunaren inguruko diskurtsoek kezkatzen ninduten». Izan ere, ohartarazi zuen segurtasunaren inguruko eztabaida «erabiltzen» ari dela eskuina: «hori argi ikusi da hauteskunde kanpainan». Salatu zuen medioek «langile klasea kriminalizatzen dituzten diskurtsoak» zabaltzen dituztela: «Arazoari gehiegizko garrantzia ematen zaio, eta langile klasearen zati bati barruan gelditzen zaio mezu hori». Gainera, azaldu zuen ezkerra ez dagoela «presente» eztabaida horretan, eta hiru joera izan ohi dituela: beste alde batera begiratu, «paternalismoarekin» jokatu, edo pertsona jakin batzuk diskriminatzen dituzten diskurtso horiek bere egin, horiek bizi dituzten «egiturazko arazoak» kontuan hartu gabe.
Ortubaik, ordea, bere hitz hartzea bineta bat ageri zuen kartel bat erakutsiz hasi zuen. Polizia bat ageri zen marrazkian; «zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta» zioen agenteak. «Arriskua migratzaile txiroarekin identifikatzen da, eta ulertzen da sistema penalak konponduko duela arrisku hori», azaldu zuen abokatuak. Soilik baietz da baietz legearen azterketa sakona egin du Ortubaik, eta emakumeen segurtasuna aipatu zuen, udan goia jo zuen ziztaden fenomenoa adibidetzat jarrita: «Ez da egiaztatu oraindik fenomenoaren dimentsio erreala, baina, hala ere, balio izan du kaleetan polizia eta kamera gehiago jartzeko; funtsean, kontrol gehiago ezartzeko».
Zuzenbide penalak segurtasuna ezartzeko dauzkan tresnen inguruan ere aritu zen, eta adierazi zuen sistema penalaren eta emakumeen interesak ez datozela bat: «Sistemari gertakariak nola gertatu diren frogatzea interesatzen zaio, ez emakumeek bizi duten esperientzia». Hala ere, argitu zuen «indarkeria» ez dela emakumeen «arazo nagusia»: «Arazoaren sintoma latzena da, baina arazoa bera desberdintasuna da». Bide horretatik, azaldu zuen «gizonezko gazteak» direla, datuen arabera, kalean indarkeria gehien jasaten dutenak—emakumeei egindako eraso gehienak esfera pribatuan izaten direlako—baina, aldiz, emakumeak direla beldur gehien diotenak espazio publikoan gerta daitekeenari. Berriro erakutsi zuen afixa: «zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta».
Gonzalezek, ordea, azpimarratu zuen emakumeek jasandako eraso gehienak etxeko eremuan gertatzen direla, eta kolektibo feministek segurtasuna bermatzeko jada proposamen ugari egin dituztela adierazi zuen: «Instituzio publikoak dira esaten diogunari kasurik ez egitea erabaki dutenak». Besteak beste, adierazi zuen festa giroan jartzen diren puntu moreak ez direla nahikoa: «Auzo bakoitzean finkoak izango diren puntuak behar ditugu, eta bertan egongo diren langileek genero indarkerian formakuntza izatea ezinbestekoa izango da, gainera». Izan ere, kritikatu zuen gaur egun beraien etxean indarkeria bizi duten emakumeek ez daukatela bertatik irtetzeko baliabiderik: «Eusko Jaurlaritzak, gehienez, itxaron zerrenda amaigabe batean sartzen ditu».
«Emakumeak erabiltzen dira askotan diskurtso punitibistak justifikatzeko, andreei beraiei galdetu ere egin gabe», gehitu zuen Zuberok. Azken galdera bota zien gero hizlariei: «Posible da segurtasunaren inguruan hitz egitea eskuinaren diskurtsoetan erori gabe?». Tiradok erantzun zion galderari: «Segurtasunaren kontzeptua irauli behar dugu. Eskuinak sinestarazi digu arriskutsua diruzorroa lapurtzen digun migrante txiroa dela, eta ez langile klasea arpilatzen duen enpresari handia». Guztiek baiezko keinua egin zuten buruarekin.