Hiri eta herrietako segurtasuna. Hori da hauteskundeen aurreko kanpainak izan dituen zutabeetako bat. Ez da kasualitatea; izan ere, azken ikerketen arabera, segurtasunik ezaren sentipena gora doa herritarren artean, eta geroz eta harrabots handiagoa hartzen dute hedabideetan lapurretez edo bortizkeriaz diharduten albisteek. Baina zenbat dauka errealitatetik segurtasunik ezaren sentipenak? Eta zein da ustezko segurtasun batengatik ordaindu beharreko prezioa? Ezkerrak zer norabide hartu behar du arlo horretan? Besteak beste galdera horiei erantzuten saiatu ziren asteartean Galde aldizkariak Donostiako San Telmon antolatutako mahai inguruan.
Hainbat diziplinatan adituak diren hiru emakume aritu ziren gaiaren bueltan: Arantxa Tirado, politologoa eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Nazioarteko Harremanetako doktorea; Miren Ortubai, abokatu eta kriminologoa, eta Zigor Zuzenbideko doktorea EHUn; eta Amaia Gonzalez soziologo, gizarte ikertzaile eta militante feminista. Imanol Zubero soziologiako doktore eta EHUko irakaslea aritu zen moderatzaile lanetan. Hiru hizlariek Galde aldizkariko azken zenbakian idatzi dute, hain zuzen, segurtasunaren inguruan. Bere artikulua zer posiziotatik idatzi duen argitu nahi izan zuen Tiradok hasieratik: «Posizio militante batetik osatu dut testua. Ni langile klasearen parte naiz, eta, horrenbestez, eskuinak nire klasea kriminalizatzeko erabiltzen dituen segurtasunaren inguruko diskurtsoek kezkatzen ninduten». Ohartarazi zuen segurtasunaren inguruko eztabaida «erabiltzen» ari dela eskuina: «Hori argi ikusi da hauteskunde kanpainan». Salatu zuen hedabideek «langile klasea kriminalizatzen duten diskurtsoak» zabaltzen dituztela: «Arazoari gehiegizko garrantzia ematen zaio, eta langile klasearen zati bati barruan gelditzen zaio mezu hori». Gainera, azaldu zuen ezkerra ez dagoela «presente» eztabaida horretan, eta hiru joera izan ohi dituela: beste alde batera begiratu, «paternalismoz» jokatu, edo pertsona jakin batzuk diskriminatzen dituzten diskurtso horiek bere egin, haiek bizi dituzten «egiturazko arazoak» kontuan hartu gabe.
Ortubaik, bere hitzaldiaren hasieran, bineta bat ageri zuen kartel bat erakutsi zuen. Polizia bat ageri zen marrazkian; «zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta», zioen agenteak. «Arriskua migratzaile txiroarekin identifikatzen da, eta ulertzen da sistema penalak konponduko duela arrisku hori», azaldu zuen abokatuak. Soilik baietz da baietz legearen azterketa sakona egin du Ortubaik, etaemakumeen segurtasuna aipatu zuen, udan goia jo zuen ziztaden fenomenoa adibidetzat jarrita: «Ez da egiaztatu oraindik fenomenoaren dimentsio erreala, baina, hala ere, balio izan du kalean polizia eta kamera gehiago jartzeko; funtsean, kontrol handiagoa ezartzeko».
Zuzenbide penalak segurtasuna ezartzeko dauzkan tresnen inguruan ere aritu zen, eta adierazi zuen sistema penalaren eta emakumeen interesak ez datozela bat: «Gertakariak nola izan diren frogatzea interesatzen zaio sistemari, ez emakumeek bizi duten esperientzia». Hala ere, argitu zuen «indarkeria» ez dela emakumeen «arazo nagusia»: «Sintoma latzena da, baina arazoa bera desberdinkeria da». Azaldu zuen «gizonezko gazteak» direla, datuen arabera, kalean indarkeria gehien jasaten dutenak —emakumeei egindako eraso gehienak esfera pribatuan izaten direlako—, baina, aldiz, emakumeek diotela beldur gehien espazio publikoan gerta daitekeenari. Berriro erakutsi zuen afixa: «Zure segurtasunaren mesedetan, jarraitu ezazu beldurtuta».
Arriskua, etxean
Gonzalezek, ordea, azpimarratu zuen emakumeek jasandako eraso gehienak etxeko eremuan gertatzen direla, eta adierazi zuen kolektibo feministek proposamen ugari dituztela eginak segurtasuna bermatzeko: «Instituzio publikoak dira esaten diogunari kasurik ez egitea erabaki dutenak». Besteak beste, adierazi zuen festa giroan jartzen diren puntu moreak ez direla nahikoa: «Auzo bakoitzean finkoak izango diren puntuak behar ditugu, eta bertan egongo diren langileek genero indarkerian formakuntza izatea ezinbestekoa izango da, gainera». Salatu zuen gaur egun etxean indarkeria jasaten duten emakumeek ez daukatela baliabiderik bertatik irteteko: «Eusko Jaurlaritzak, gehienez, itxaron zerrenda amaigabe batean sartzen ditu».
«Emakumeak erabiltzen dira askotan diskurtso punitibistak justifikatzeko, andreei beraiei galdetu ere egin gabe», gehitu zuen Zuberok. Azken galdera bota zien gero hizlariei: «Posible da segurtasunaren inguruan hitz egitea eskuinaren diskurtsoetan erori gabe?». Tiradok erantzun zion galderari: «Segurtasunaren kontzeptua irauli behar dugu. Eskuinak sinetsarazi digu diru zorroa lapurtzen digun migrante txiroa dela arriskutsua, eta ez langile klasea arpilatzen duen enpresari handia».
Segurtasuna: kale arriskutsua ezkerreko sektoreentzat
Segurtasunik eza hedatzen duten eskuineko diskurtsoak eta askatasuna izan dituzte hizpide 'Galde' aldizkariak Donostiako San Telmon antolatutako mahai inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu