Astigarragako (Gipuzkoa) familia batek salatu du eldarnioak jota zegoen gizon bat ertzainek bortxaz tratatu zutela otsailaren 2an, eta hil egin zela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur eman ditu kasuari buruzko azalpen batzuk, ohar bidez, eta adierazi du ez dagoela Ertzaintzaren kontrako salaketarik auzitegietan kasu horri buruz. Aurretiazko eginbide batzuk badira, Donostiako 5. Instrukzio Auzitegian, eta gorpuari autopsia ere egin zioten, ikerketa horren barruan. Autopsia proba batzuk Madrildik jasotzeko esperoan daude eginbide horietan. Familiak abokatu bat izendatua du epaitegian, baina polizien aurkako salaketarik ez dagoela zehaztu du Segurtasun Sailak.
Ikusi gehiago
BERRIAk familiako bi kiderekin hitz egin zuen martxo hasieran, baita gertaeren lekuko izan zen bizilagun batekin ere. Eneko Valdes 36 urteko gizona, buruko nahasmendu batek erasanda, oihuka atera zen bere etxeko balkoira, eldarniotan. Beheko bizilagunen etxetik zintzilikatu zen. Udaltzainak iritsi ziren, eta baretu egin zuten. Ertzainak iritsi ziren gero; senideek hamabost ertzain zenbatu zituzten, unitate ezberdinetakoak, tartean kaleko jantzitakoak ere bai. Familiak erran zuen Bizkor unitateetako kideak ere bazirela; muturreko larrialdiak kudeatzea izaten dute eginkizunetako bat. Segurtasun Sailak, baina, ukatu egin du unitate horretako agenteek Astigarragako auzian parte hartu zutela. Nolanahi ere, polizien portaeraz kexu da familia; salatu dute bortxaz tratatu zutela Valdes, eta hil egin zela.
Ertzaintzaren Kontrolerako Batzordeak jazoeraz egin duen aurretiazko txostenean ageri da atxilotuta zegoela gizona. Horren atzean ere gertaera desitxuratu nahia ikusi dute familiakoek: «Zer premia zegoen, ba, hura atxilotzeko? Ez zegoen inolako salaketarik ez ezer; aurrena artatu zuen bizilagunak ez zuen jarri, eta udaltzainek ere bazuten egoeraren berri, aurrez ere artatu izan baitute antzeko egoeraren batean. Gezurretan ari dira, nahi duten eran!». Segurtasun Sailak, ordea, ukatu egin du gizona atxilotu izana: «Agenteek ibilgetu egin zuten, bere burua lesionatu ez zezan, asaldura handieneko ageriko egoeran zegoelako». «Poliziaren jardunaren helburua izan zen pertsona hori anbulantzia batean sartzea (gertakarien lekuan bertan zegoen anbulantzia), osasun langileek artatu zezaten (arriskurik gabe)», dio oharrak.
Zenbait hedabidek eta familiak berak esandakoaren kontra, Segurtasun Sailak zehaztu du gertakari hartan parte hartu zuten agenteek ez zutela «taser motako pistolarik» erabili, eta Poliziaren jarduera «publikoa» izan zela. «Hildako gizonari eta haren senideei zor zaien errespetuagatik, eta erakundeek haien datu pertsonalak eta polizialak babesteko duten betebeharra betetzeko, Segurtasun Sailak ez du informaziorik emango une oro pertsona horri osasun eta laguntza arreta ematera bideratutako polizia jardunaren inguruko xehetasunei buruz», zehaztu dute.
Jardun «bortitz eta opakua»
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak gaur prentsaren aurrean azaldu du koalizioak bazuela Astigarragako gertakarien berri: «Familiaren gertukoen bidez izan genuen gertaera honen berri, salatu zigutelako poliziaren basakeria neurrigabea eta basakeria guztiz desegokia sufritu zutela. Berehala, Astigarragako gobernu taldeak Udaltzaingoaren informazio guztia eskuratu zuen, eta daraman auzitegiaren esku utzi genuen. Eta nik neuk Arartekoarengana jo nuen, azalpenak emateko gertatutakoaren inguruan, eta eskatzeko ikerketa egin zezala azken muturreraino».
Arzuagak adierazi du informazio batzuen arabera prebentziorako eta berehalako erantzunerako Bizkor unitateetako kideek ere parte hartu zutela kasuan. «Badirudi badaudela Bizkor-en parte hartzeen inguruko irudiak», argitu du Arzuagak. Ertzaintzaren jarduna «bortitza eta opakua» izan zela esan du legebiltzarkideak: «Horrela adierazten dute autopsian jasotako markek, ubeldurek eta saihets hezur hautsiek». Operazioa «opakua» zergatik iruditzen zaien ere azaldu du Arzuagak: «Izan ere, ez dakigu zer gertatu zen Ertzaintzaren eskuetan egon zen 40 minutu haietan, beste lekukorik ez zelako egon. Auzokideek eta emazteak esaten dute bitarte horretan oihuak eta kolpeak entzun zituztela». Horrez gain, azpimarratu du ez dagoela argi gizona non hil zen: anbulantzian edo eskailburuan.
Eusko Jaurlaritzak azalpenak ematea ezinbertzekoa iruditzen zaio EH Bilduri: «Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorrean agerraldi bat eskatu dugu, gertakariari buruzko azalpen guztiak eman ditzan Erkorekak». Bi galdera ere egin ditu Arzuagak: «Zer gehiago gertatu behar da herri honetan segurtasunaren eredua beste modu batekoa izan behar dela ondorioztatzeko? Azken asteetan ikusi ahal izan dugun sekuentzia larriarekin, zer gehiago gertatu behar da herri honetan, jardun polizialean giza eskubideak errespetatuz aritzeko, herritarrek eskatzen duten bezala?».
Segurtasun Sailak goizean emandako argudioez ere aritu da Arzuaga: «Gehiago dira ezkutatzen dituzten datuak, ematen dituztenak baino».