Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenak Segurtasun Sailarentzat 796,3 milioiko aurrekontua aurreikusi du 2025erako: iaz baino 17 milioi gehiago, eta %2,2ko igoera. Horietatik 385 milioi langileen gastuetarako erabiltzea proposatu dute. Bingen Zupiria sailburuak euskara hutsean egin du agerraldia, eta azaldu du gainerako diru sail handienak ziberzaintzarako eta Arkautiko akademiarako erabiliko dituztela, gehienbat. Baina larrialdi planean egin du azpimarra: «Ez dugu ez ahaleginik, ez baliabiderik murriztuko larrialdietan». Legebiltzarreko Segurtasun batzordean xehatu du aurrekontu proposamena. EAJren eta PSE-EEren babesa izan du.
Valentzian izandako hondamendiaren harira, meteorologia eta larrialdi planak berrikusi eta behar den heinean egokitu egingo dituztela esan du. Azpimarratu du 2025a izango dela Euskalmetek sozietate publiko gisa aurrekontua izango duen lehen urtea; hiru milioikoa izango du. «Balioa eman behar zaio gure meteorologia agentzia propioa izateari, bere baliabideak izan ditzan, baita guk zuzenean kudeatu dezakegun alerta sistema bat ere, prebentzioan hobeto lan egin ahal izateko eta erantzun behar denean ahalik eta azkarrena jarduteko».
«Balioa eman behar zaio gure meteorologia agentzia izateri, baita zuzenean kudeatu dezakegun alerta sistema bat ere».BINGEN ZUPIRIASegurtasun sailburua
Legealdi honetarako dituzten helburu nagusietako bat Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokor berria diseinatzea ere bada. Eta plan horretan, garrantzi berezia emango diote larrialdien eta meteorologiaren arloari. Susana Corcuera PSE-EEko legebiltzarkideak babesa agertu dio Zupiriaren proposamenari, eta plan berritua noizko espero duen galdetu dio. Hari erantzunez, 2025eko udazkenerako berritua eduki nahiko luketela esan du.
Ziberzaintzaren atala ere azpimarratu du Zupiriak, jite horretako delituak gorantza doaz eta. Iaz baino bi milioi gehiago inbertituko dituzte «eraso arriskuei aurre hartzeko ahalmena sendotzeko». Horregatik sortuko dute sail propio bat: «Burutza bat eratuko da ziberdelituetarako».
Berariaz aipatu ditu euskararen normalizazioa eta indarkeria matxista ere. Indarkeria matxistari dagokionez, ez du aipatu diru sailik. Esan du EBA Etxekoen eta Emakumeen Babes Sistema egokitzen segituko dutela, eta Espainiako Barne Ministeriorarekin datuak koordinatzeko Biogen sistemarekin bat egingo dutela. Arkautiko akademian indarkeria matxistari buruzko formakuntza bat emango dutela ere esan du. Arkautiko irakasle eta langile guztiek berdintasunari buruzko prestakuntza jasoko dute.
Ertzain elebidunak
Miren Dobarani eman dio hitza gero, batez ere euskararen alorrekoak xehatzeko. Dobaranek esan du euskara tresna «ezinbestekoa» dela ertzainen egunerokoan, eta horregatik aurreikusi dutela igoera bat. 1.100.000 euroko igoerarekin B2 eta C1 mailako talde gehiago ateratzeko aukera izango dela esan du, «jauzi bat» ematekoa. «Ahaleginak egin behar ditugu curriculum eleanitzak edukitzeko. Egunerokoan gure ertzainek bi hizkuntza ofizialetan hitz egin behar dutelako». Dobaranek lehentasuntzat dauka, halaber, kulturaniztasunari eta indarkeria matxistari buruzko formakuntzak egitea.
«Eskoziako ofizial batek azaldu zigun komunikazioa dela polizia baten armarik esanguratsuena; ondo hitz egitea eta norbere hizkuntzan, burura eta bihotzera heltzen delako»JULEN ARZUAGAEH Bilduko legebiltzarkidea
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea bat etorri da larrialdietarako eta ziberzaintzarako inbertsioa handitzearekin. Baita euskalduntzeko hartu den norabidearekin ere, nahikoa ote den zalantzan jarri badu ere: «Eskoziako ofizial bat etorri zen legebiltzarrera, eta esan zigun komunikazioa dela polizia baten armarik esanguratsuena; bere herriari zuzenean hitz egiteko ahalmena, ondo hitz egitekoa, norbere hizkuntzan, burura eta bihotzera heltzen baita». Auzitan jarri du, halaber, pertsonal gastuetarako zortzi milioiko igoera. «Beste funtzionario publiko batzuekiko iraina ekar dezake». Halaber, eskura duten azken memoriaren arabera, 2023koan, delitu tasa presentziala jaitsi egin zen, eta 8.000 ertzainen kopuru hori mantendu behar ote den ere zalantzan jarri du. Kritikatu du elikagaien gastuak ere ordaintzea ertzainei, gainerako funtzionarioei ez bezala.
Ainhoa Domaika PPko legebiltzarkideak eskatu ditu ertzain gehiago jartzeko, eta baliabide gehiago ertzainentzat; euskara lehentasuntzat hartzea ere txarretsi du.
179Gobernantza Saila %8ko igoera izango du Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak (GADA): iaz baino 13 milioi gehiago izango ditu, guztira 179,5. Maria Ubarretxena sailburuak azaldu duenez, administrazio publikoaren modernizazio, digitalizazio eta sinplifikazio beharrei erantzuteko izango da igoera. Digitalizazioak eramango du zatirik handiena: 130 milioi. Diru sailik handienetan bigarrena enplegu publikoaren sailburuordetzak izango du, 30 milioirekin.