Amaia Abendaño eta Manex Ralla Donostiako herritarrek iazko abenduan kontatu zuten hainbat hilabete lehenago Donostiako Herrera auzoan gertatu zitzaiena: salatu zuten ertzainei euskaraz mintzatu zitzaizkiela haiek auzoan 2023ko urrian egin zuten esku hartze batean, eta, ondorioz, identifikatu eta miatu egin zituztela, istiluen aurkako ertzainak ere bidali zituztela, eta isunak jarri zizkietela. Gaur jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erretiratu egin dizkiela bi isunak.
Abendañok abenduan hedabideetan egin zituen adierazpenetan gogora ekarri zuen zer gertatu zen. Ertzainen esku hartzearen harira kexu egitera joan zen polizia batengana, eta azaldu zuen haren erantzunak piztu zuela txinparta: «Esaldia bukatu baino lehen erantzun zidan, gazteleraz: ‘Hitz egin iezadazu gazteleraz’». Ertzainek dituzten hizkuntza betebeharren gainean ohartarazpena egin zion orduan Abendañok, baina berehala kontu hartu zion agenteak. «Zera erantzun zidan, gazteleraz: ‘Utzi ni bakean’».
Hortik aurrerakoetan, ertzainek, egoera baretu beharrean, oraindik ere «tentsio handiagoa» sortu zuten, Abendañok eta Rallak esan dutenez, eta uste dute horren ondorio izan zirela ondoren gertatutakoak. Horregatik, kexua adierazteko asmoz gutunak bidali zizkieten garai hartako Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri, Segurtasun sailburu Josu Erkorekari eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriari, baita EAEko Arartekoari ere. Urkulluk erantzun zien: adierazi zien sentitzen zuela gertatutakoa eta Segurtasun Sailaren esku utziko zuela auzia. Hain justu ere, ikerketa bat abiatu zuten han gertatu zena argitze aldera, baina, Abendañoren arabera, prozesu horrek ez ditu ase. «Ertzainen bertsioa goitik behera sinistu besterik ez zuten egin».
Arartekoak emandako erantzunean, berriz, ikusi zuten aurrerabidea; izan ere, kexuaren harira, Jaurlaritzari eskatu zion ziurta dezala ertzainek «errespetuzko tratua» emango dutela herritarrek euskaraz hitz egiten dietenean.