Segurtasun Sailak dio ez dagoela frogatuta Anoetan zauritutako andrea foam jaurtigai batez jo zutela

Sumarrek Eusko Legebiltzarrean egindako galderei erantzun diete. Sailak gogorarazi du instrukzio epaileak salaketa artxibatu zuela.

Ertzainak, Realaren eta PSGren arteko partidaren aurretik gertaturiko istiluetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Ertzainak, Realaren eta PSGren arteko partidaren aurretik gertaturiko istiluetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
gotzon hermosilla
2024ko abuztuaren 1a
16:15
Entzun

Joan den martxoaren 5ean, emakume bat erietxera eraman behar izan zuten, buruan zauria zuela, Ertzaintzak Anoetako estadioaren inguruetan egindako oldarraldi baten ostean, Realaren eta Paris Saint-Germainen partidaren aurretik. Senitartekoek salatu zutenez, foam jaurtigai batekin jo zuten buruan bete-betean, eta inguruan zeuden ertzainek ez zuten ezer egin hari laguntza emateko. Donostiako Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean ospitaleratu zuten: buruan odol isuria izan zuen, eta larrialdietan egon zen bost egunez. Polemika handia piztu zuen gertaerak, eta EH Bilduk eta Sumarrek azalpenak eskatu zizkioten Eusko Jaurlaritzari. Sumarrek Jaurlaritzarentzako galdera sorta erregistratu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta, orain, Segurtasun Sailaren erantzuna iritsi da: Bingen Zupiriak zuzentzen duen sailaren arabera, ez dago frogarik esateko zauriak foam jaurtigai batek eragin zituela.

Segurtasun Sailak dioenez, «gaur-gaurkoz, eta froga berririk agertu ezean, ezin da baieztatu herritarrak pairatutako zauriak foam motako jaurtigai baten ondoriozkoak direla, gertaerak argitzeko irekitako atestatuan jasotzen denez».

Erantzunean, Zupiriak dio emakumea «berak sortu ez zituen istilu batzuetan ezustean harrapaturik» lotu zela, eta erantsi du bat egiten duela biktimaren saminarekin: «Deitoratzen dut berak eragin ez zituen gertaera batzuetan nahasturik egon izana, bai eta gertatutakoari buruz ezer gutxi argitzen lagundu ez duten informazio nahasiak ere».

Segurtasun Sailak gogorarazi du Ertzaintzak ikerketa hasi zuela, horren ondorioz Donostiako instrukzio epaitegi batek diligentziak abiarazi zituela, eta hark salaketa artxibatzea erabaki zuela. Erabaki horren kontra helegitea aurkeztu zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, eta, oraingoz, ez dago horren inguruko ebazpenik: «Espero dut epaileen eta polizien ikerketek zehaztasunez eta azkartasunez argituko dutela dena».

Ertzainaren ostikada

Sare sozialetan hedatutako irudi batzuetan, emakumea zoruan etzanda ageri da, eta ikusten da ertzain batek ostikada bat ematen diola. Horretaz ere galdetu zion Sumarrek Segurtasun Sailari: zehazki, ea irudiak ikusiak zituzten, ea haiek argitaratu ostean ere Jaurlaritzak Ertzaintzaren bertsioari eusten dion, eta ostikada eman zion agentearen aurka neurririk hartuko ote zuen.

Erantzunean, Segurtasun Sailak ez du irudi horien inguruko iritzirik eman, baina nabarmendu du emakumeak egindako deklarazioan ez zuela horri buruzko aipamenik egin, irudi horiek instrukzio epailearen esku utzi zituela Ertzaintzak, eta epaileak ez zuela horietan eraso zantzurik atzeman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.