Amalur Mendizabal. Polizia indarkeriaren biktima

«Segurtasun juridikoa ertzainek soilik ez, denok izan beharko genuke»

Borraz jo zuen ertzain batek 2013an, eta orain ertzaina zigortzen duen epaia kaleratu da; epaiarekin ados dago Mendizabal, eta ez ditu ulertzen Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hari egindako kritikak.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
2018ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Duela lau urte eta erdi, 2013ko irailaren 30ean, ertzain batek buruan jo zuen Amalur Mendizabal (Zizurkil, Gipuzkoa, 1979) eta bost zentimetroko zauria eragin zion. Joan den astean ezagutarazi zuten epaia: ertzainari bi urteko kartzela zigorra —ez du espetxera sartu behar— eta bi urtez Ertzaintzaren brigada mugikorrean aritzeko debekua ezarri diote.

Epaiaren inguruko polemikak Euskal Herritik kanpo harrapatu du Mendizabal, eta ez du horren berri izan. Horregatik, apur bat harrituta gelditu da Euskal Herrira itzuli eta jakin duenean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak eta Erne Ertzaintzaren sindikatu nagusiak epaia kritikatu dutela. Zubiagarena «ezjakintasunaren ondorio» edo «momentuko ateraldia» izan daitekeela iruditzen zaio; Ernek egindako kritikari kezkagarriagoa deritzo.

Aurreko astean ezagutarazi zuten epaia. Zuri zer iruditu zitzaizun?

Ni konforme nago epaiarekin. Gure eskakizuna bat zetorren fiskalak egindakoarekin; ez ginen pauso bat harago ere joan, eta ez ginen sartu beharbada epaitzeko modukoak izan zitezkeen beste kontu batzuetan, guk eskatu genuenean identifikatu ez izana eta horrelakoak. Gertaera objektiboak epaitzeko eskatu genuen, urrunago joan gabe. Eta eskatutako guztian epaiak arrazoia eman digu; beraz, konforme nago.

Hala ere, badirudi denak ez daudela hain konforme. Josu Zubiaga segurtasun sailburuordeak eta Erne sindikatuak kritikatu egin dute epaia.

Zubiagaren erreakzioa ikusita, iruditzen zait ez duela epaia irakurri, horretaz galdetu egin diotela eta bat-batean botatako zerbait izan dela. Ez dut ulertzen esatea zigorra neurriz kanpokoa dela, gure eskaera eta fiskalarena berdin-berdinak zirela kontuan hartuta. Seguru asko, ezjakintasuna edo momentuko ateraldia izango da. Errespetatzen dut dioena, baina ez dut ulertzen. Besterik da Erneren oharra; hark beste kutsu bat duela iruditzen zait.

Zubiagak, eta Ernek ere bere prentsa oharrean, iradoki dute epaian eragina izan duela gertaerak jazo zirenean zu Espainiako senataria izateak.

Oker ez banago, epaiaren sarreran, nitaz ari denean, orduan senataria nintzela esaten da, baina geroago, arrazoietan eta ondorioetan, behin ere ez dute horrelakorik berriro aipatzen. Gainera, nik ez dut inoiz senatari izaera baliatu nahi izan. Hura gertatu zenean, Senatuan esan zidaten hango mahaiari babesa eskatu behar niola eta abar, baina ez dut inoiz egin. Ez dator bat nire pentsamoldearekin. Ni ez naiz legelaria, eta ez dakit senatari bat jotzea beste edozein herritar jotzea baino zigortuago dagoen, baina ez dut hori erabili nahi izan.

Zure zauria borra batek eragindakoa izatea ere jarri du zalantzan Ernek.

Epaiketan, akusatuak hasieran esan zuen ez ninduela jo. Gero, eskuz jo ninduela, eta ez borraz. Gero, atzean zegoena jo nahi zuela. Bertsioak aldatuz joan da, eta hori neurri batean uler dezaket, bere burua defendatzen ari zelako. Baina epaia irakurriz gero, argi ikusten da bertsio horiek guztiak banan-banan desmuntatzen dituztela. Horregatik diot Erneren oharrak beste kutsu bat, beste gaiztakeria bat duela iruditzen zaidala. Ez da normala. Baina tira, epaiketan ertzain batzuek izan zuten jarrera ikusita, ez naiz harritzen.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Batzuk gerra batera zihoazela zirudien. Esaterako, ama eta izebak epaitegira sartzera zihoazela, adineko emakumeak, ez zieten sartzen utzi nahi izan, haiek lehenago sartu behar zutela-eta. Huskeriak ziren, baina egoera normal bati ez zegozkionak. Erresumin handia nabaritzen zen.

Ertzainen «segurtasun juridiko falta» ere aipatzen du Ernek.

Hortik beste analisi bat egin daiteke: orain arte izan duten inpunitatea gal dezaketela uste al dute? Hortik al dator horrenbesteko urduritasuna? Zer pentsaturik ematen du, eta asko egongo litzateke eztabaidatzeko, baina segurtasun juridikoa denok izan beharko genuke, ez ertzainek soilik.

Nire kasuan, esaterako, epaia iritsi da gertatutakoaren irudiak zeudelako. Irudirik egon izan ez balitz, haiek izan duten jarrera ikusita, azkenean neu aterako nintzatekeen errudun. Jende askok antzeko kontuak pairatu ditu, baina ez du hori frogatzeko irudirik izan; jende horrek bai, jende horrek esan dezake segurtasun juridikorik ez duela, ertzainen hitza beti dagoelako herritarren hitzaren gainetik.

Iñigo Cabacasen hilketari buruzko epaiketa datozen hilabeteetan egitekoa da, eta hor ere ertzainak daude inplikaturik. Zure kasuaren harira egindako adierazpenek epaiketa hori baldintza dezakete?

Hori beti pasatzen da burutik, adierazpenak beste auzi batzuetan eragiteko asmoz eginak ote diren. Ez dakit. Ikusiko dugu. Lehen esan dut nire kasuan irudiak zeudela, eta horri esker frogatu ahal izan genuela gertatutakoa: Cabacasen auzian ez dago irudirik, baina grabazioak daude, eta grabazio horietan denok entzun dugu zer gertatu zen. Espero dut legearen aurrean denak berdinak izatea eta Cabacasen familiarekin justizia egitea, hura oso latza izan zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.