Donostian eraikitzen ari diren metro pasabidearen egitasmoan segurtasunaren arloko «arau urraketa larriak» antzeman ditu Satorralaia bizilagunen elkarteak, eta auzitara jo du: Alemaniako aditu batek egindako txostena Gipuzkoako Fiskaltzara eraman zuen atzo, eta salaketa aurkeztu. Elkarteak azaldu duenez, tunelen segurtasunaren eta larrialdi irteeren eremuan aurkitu dituzte akatsak, baita bidaiarien eta batik bat elbarrien ebakuaziorako baldintzetan ere.
Hans Heydemann ingeniariak sinatu du Satorralaiak fiskaltzan aurkeztutako txostena; sute arriskuen prebentzioan aditua da, besteak beste —hitzaldi bat ematekoa da gaur, 19:00etan, Groseko Okendo kultur etxean—. Salaketan, Pio Barojako inguruetan aurreikusi duten larrialdi irteerari erreparatu dio, «tunelen segurtasunaren arloan ezarritako hainbat araudi» urratzen dituelakoan. Satorralaiak esplikatu duenez, obrak egiteko ireki duten tunel bat baliatu nahi dute larrialdi irteera hori egiteko: 500 metroko luzera du, eta bertan 400 eskailera egin nahi dituzte 68 metroko malda igotzeko, «hots, dorre baten 24. solairura oinez igotzea bezala».
Ebakuazio bide hori «ezbairik gabe erabat baliogabea» dela ohartarazi du Heydemannek txostenean. Horrez gain, tunelen segurtasunarekin eta sute kasuetarako ebakuazio baldintzekin lotutako beste «irregulartasun eta gabezia» batzuk ere jaso ditu aditu alemaniarrak fiskalari emandako dokumentazioan.
Hortaz, Satorralaiak fiskaltzari eskatu dio gaia iker dezan, «segurtasun kolektiboaren kontrako delitu bat» izan daitekeelakoan: «Segurtasunaren eta larrialdiko ebakuaziorako baldintzen inguruan ezarritako arauak ez betetzeak pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jartzea ekar dezake».
Babes gehiago
Era berean, bizilagunen elkarteak Jaurlaritzari galdegin dio metroaren lanak geldiaraztea, eta ez da bakarrik agertu eskari horretan: ELA, LAB eta Steilas sindikatuei batu zaie DBus autobus konpainian dihardutenen Kurpil sindikatua —behin baino gehiagotan ohartarazi du auzoetako autobus lineak gutxitzea ekarriko duela metroak—. Donostia Defendatuz koordinakundeak, Ernai gazte mugimenduak, Bizilagunekin plataformak eta Eguzki talde ekologistak ere babestu dute Satorralaiaren salaketa.
Segurtasun akatsak salatu dituzte Donostiako metroaren tuneletan
Satorralaia elkarteak fiskaltzara eraman du Alemaniako aditu baten txostena. Gabeziak antzeman dituzte larrialdi irteera baten diseinuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu