Hezkuntzarako aurrerapausoak ekarriko ditu itunak Koldo Tellitu (Barakaldo, Bizkaia, 1966) Ikastolen Elkarteko lehendakariaren irudiko, batez ere euskara maila eta segregazioaren aurkako neurriak zehaztearen ondorioz. Halere, badu itzalik: Euskal Herria ez aipatzea eta lekuko hezkuntza kontseiluen zehaztasun falta.
Itunean zer ikusi duzue begi onez? Zer falta du?
Esaten genuen akordiorako marra gorri gutxi egon behar zirela, eta gai izan dira adosteko; elementu positiboa da. Bigarrena: euskal hezkuntza zerbitzu publikoa. Oso interesgarria da publiko-pribatu dikotomia antzua gainditzeko. Garrantzitsua da irteera profila zehaztuta egotea eta gutxienez B2 izatea; positiboa da euskara ardatz duen eredu eleaniztun orokorra jasota egotea. Segregazioaren inguruko neurriak ere bai, bereziki 2023rako eskola segregazioaren aurkako itun bat xedetzat ipintzea.
Euskal Herriaren aipamena falta dela kritikatu zenuten. Nola landu Euskal Herria Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako legean?
Euskal Unibertsitate Legean, erkidegorako denean, Euskal Herria ere aipatzen da, eta ideia horri lotuta egin genuen ekarpena. Planteamendu oso aberatsa litzateke hainbat lurraldetako ikastetxeei elkarlanerako bideak ematea. Bigarrena: eskatzen genuen europar partzuergo bat, mugaz gaindikoa, sor daitezkeen proiektuak diruz laguntzeko eta arazo ekonomikoak izan ditzaketen ikastetxeak laguntzeko, baldin eta Euskal Herri osorako proiektua badute.
Euskara ardatz duen sistema eleaniztuna proposatu dute. Hori al da Euskalgintzaren Kontseiluarekin eskatu zenutena?
Batean, egoki agertzen da eredu inklusibo orokortua; beste batzuetan, hiru hizkuntzen tratamendu integratua egingo dela. Talka egiten dute. Legera begira, zehaztu behar da zer den euskara ardatz duen sistema eleaniztuna.
DBH bukatzerako B2 maila izan beharko dute; baina, egun, itunpeko sareko D ereduan, DBH2n %42 inguruk ez dute lortzen. Arazorik identifikatu duzue? Itunak nahiko baliabide ditu?
Datuok itunpeko sarekoak dira, ez gureak, baina azken ebaluazio diagnostikoetako datuak kezkagarriak dira guretzat ere. Gakoa da argi geratzea zein den ikasleek lortu behar duten maila. Baliabideenak legean agertu beharko du. Garrantzitsuagoa da legean ondo definitzea nola neurtuko den maila lortzen duten ala ez.
Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa aipatzen da. Zer aldatuko da?
Bederatzi edo hamar baldintza dira, eta hor dago formula berri honen gakoa. Ikastolek betetzen duten? Gehienek bai. Hori bai, ikastolok uste dugu publikoak garela ez bakarrik zerbitzu publikoa ematen dugulako, baizik eta bereziki daukagun izaera publikoagatik, eta lanean jarraituko dugu legea ahalik eta gehien hurbildu dadin eskatzen dugun publikotasun eredura.
Baldintzetako bat izango da langileen kontratazio gardena eta demokratikoa. Nola egiten duzue?
Hautaketa sistema ikastolek erabakitzen dute: elkarrizketak, azterketak, proba praktikoak... Gakoa da langileen eta ikastolen ordezkariak egotea. Baldintza betetzen dugun? %100ean. Gureak administrazioaren oposizioak baino askoz gardenagoak dira.
Euskal hezkuntza zerbitzu publikoan %100ean finantzatuko dira ikasleen premiak. Zer dira?
Gastu arrunta. Itunpekoek %65-%70 jasotzen dugu; %100era joatea litzateke. Ez du esan nahi publikoek jasotzen dutena izatea, askoz ere gutxiago baizik.
Zergatik zuek gutxiago?
Guretzako kalkulua eginda dago; hori bete dadila. Publikoek gehiago jasotzen badute: ez dago arazorik. Normalean, ratio txikiagoak izaten dituzte, guk baino askoz langile gehiago...
Egungo legeak ere ez du baimentzen kuotak kobratzea, eta hitzarmenak berretsi egin du. Nola egiteko asmoa daukazue?
EAEn aplikatzen diren legeetan ez da agertzen ezin ditugula kuotak kobratu. Dekretu batean jartzen du. Itunen sisteman bi borondate daude: esaten du administrazioak beteko duela gastu orokor guztia, eta ez dugula kuotarik kobratuko. Administrazioak zergatik ez digu esan urteetan«ez kobratu kuota»? Badakielako bere zatia ez dela bete. Dekretu bidez arautzeak indar txikiagoa ematen dio; beti eskatu dugu legean agertzea. Akordioa badago, bi aldeek bete beharko dute. Argi esan dugu: ez daukagu inongo borondaterik kuota horiek kobratzeko.
Haurreskolak partzuergoa berrindartuko dute. Zuen haur eskolek finantzaketa galduko dute ?
Ez dakigu. Kezkatzen gaitu; ez dugu ulertzen zergatik banatu behar dugun etapa hori. Legearen bidez bultzada handiagoa eman nahi bazaio partzuergoari, ondo, baina ezin dugu onartu beste guztia desagertzeko bidean ipintzea.
Akordioan dago publifikazioari bide emango dioten arauak garatzea. Gogoeta egingo duzue?
Ikastolak administrazioko ikastetxe izateko bidea? Ez. Denak osasuntsu daude. Asmo osoa daukagu talde bezala jarraitzeko.
Nola egokitu asmo duzue matrikulazio aldaketetara?
Ari gara. Eskolatze batzordearen datuak aztertuz, argi geratzen da ikastolek azken lau-bost urteetan salto kualitatiboa egin dutela. Egoera buelta ematen ari da.
Zer diote ikastetxeek eta familiek matrikulatzeko irizpide berriez?
Uste dut ez dutela ezer esango, ze ez dute jakingo. Matrikulazioan, edozer gauza tentuz egin behar da. Gurean dauden hiru ereduek oso ezaugarri jakinak dituzte. Familiaren aukeraketa kontuan izan behar da, orokorrean irizpide jakin bat baitago atzean. Orekak egin behar badira, prest.
Segregazioa murrizteko balioko al dute ituneko neurriek?
Bai. Neurri batzuk oso ausartak dira, eta ondo planteatuta daude.
Irailetik iritsitako 6.000 ikasle ingurutatik, ikastolek jaso dituzue %8 inguru; besteak itunpeko D eredura edo A edo B eredura joan dira.
Ikastolaren konpromisoa neurtu behar da D eredura doazenen arabera. Gure datu orokorraren inguruan mugituko gara: %15-16. Gure asmoa igotzea da, era orekatuan: HHn, LHn eta DBHn.
Ikastolak baliabide aldetik prest zaudete jatorri atzerritarreko ikasle gehiago hartzeko?
Bai, dudarik gabe. Argi dago konpromiso hori badaukagula.
Bihar: Agustin Eizagirre (Kristau Eskola).
EAEko Hezkuntza Legea. Hezkuntza akordioa (IX). Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea)
«Segregazioa murrizteko ituneko neurri batzuk oso ausartak dira»
Eusko Legebiltzarreko akordioa balekoa iruditzen zaio Tellituri. Finantzaketa jasotzeko baldintzak betetzen dituztelakoan dago, eta ez dute auzitan jarriko ikastolen titulartasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu