Segregazioa eta murgiltzea kezka iturri dira hezkuntza lantaldeko partaideentzat

Euskadiko Gazte Kontseiluak eta Ikamak eskatu dute ikasleak aintzat hartzeko subjektu aktibo gisa. Agerraldiak hilaren 22an amaituko dira

Euskadiko Eskola Kontseiluarekin hasi zen lantaldearen jarduna, atzo. R. B. / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioa eta segregazioa. Bi ardatz horiek izan ziren aipagai atzo ere Eusko Legebiltzarrean, hezkuntza hitzarmena lortzeko lantaldean parte hartu zuten eragileen artean. Jaurlaritzak beste hezkuntza lege bat egin asmo du, eta, legea egin aurretik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeek hezkuntza hitzarmen bat adostu nahi dute. Horren harira mintzatu ziren atzo gizartean ordezkaritza duten zenbait eragile.

Maite Alonso Aranak hasi zuen atzo lantaldearen ibilia, Euskadiko Eskola Kontseiluaren izenean. Hauxe proposatu zuen: udaletako eskola kontseiluak indartzea, ikastetxeen eta ikasleen parte hartzea sustatzea, formakuntza jarraia ematea, eta proposamenen betetze maila zaintzeko batzorde bat sortzea.

Euskadiko Gazte Kontseiluaren izenean Maialen Olabek hartu zuen hitza, bi eskaera nabarmentzeko: euskararen normalizazioa, «euskaraz ikastea ez dagoelako bermatuta», eta ikasleak subjektu aktibo gisa aintzat hartzea: «Erabakitzeko prozesuen parte izan nahi dugu. Jaso eta eman nahi dugu».

Ikama ikasle antolakundeak ere eskaera bera egin zuen: hezkuntza komunitateak eta ikasleek hitza eta erabakia izatea prozesu honetan. Bestetik, ebaluazio sistema aldatzeko eskatu zuten: «Zenbaki huts bihurtu, eta ito egiten gaituzte». Hizkuntza eredua ere hizpide izan zuten: «Euskaraz ikastea ezinezkoa da, eta ez da jartzen baliabiderik hori bermatzeko». Euskarazko doako hezkuntza publikoa aldarrikatu zuten, eta burujabea.

Barakaldo eta Errenteria

Barakaldoko eta Errenteriako udaletako alkateek hartu zuten hitza gero, hurrenez hurren.

Amaia del Campo Barakaldoko alkateak zenbait egitasmo azaldu zituen. Besteak beste, azaldu zuen udaleko sei hezitzaile dozenaka haurrekin lanean ari direla, eskolako absentismoari aurre egiteko. Bestetik, euskara indartzeko bi programa abiarazi dituzte: 40 talde ari dira parte hartzen, beharrik handiena duten ikasleek gaitasuna hobetu dezaten. «Baina odoljario bat tirita batekin tapatzen ari gara, elebitasunera iristeko beharra handia delako», nabarmendu zuen Del Campok. Koordinazioa eta baliabideak eskatu zituen.

Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteriako Udaleko alkateak herri kohesioari eusteko egin duten lana aletu zuen. Herriko hezkuntza komunitatearekin lankidetza estua dutela esan zuen, herria eta hezkuntza bat direla ulertzen dutelako. Otaegi: «Kohesionatzailea eta ez-segregatzailea izango den herri mailako erronka bat da hezkuntza. Berdintasunaren, justizia sozialaren eta ekitatearen oinarrietan eraiki behar genuke». Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziak aletu zituen printzipioak. Eskola Kontseilua osatu dute herriko 22 ikastetxeetako ordezkariekin: «Bi helburu: hezkuntza komunitatearen topagune bat edukitzea, ezberdinen arteko guneak sortzeko. Eta politika bateratuak, kontsentsuan oinarrituta, herri interesa erdigunean jartzeko». Herriari dagokion estrategia bat da, eta zubiak eraiki dituzte hezkuntza ez-formalarekin.

Zalantzak prozesuarekin

EHIGEk eta ELAk prozesu parte hartzaile bat eskatu zuten euren txandetan, eta lantaldearen funtzioaz zalantzak adierazi.

Hori esanda, Lurdes Imazek hauxe eskatu zuen, EHIGEren izenean hitza hartu zuenean: ituntzea berehala eteteko; kohesioan eta justizia sozialean oinarrituko den titulartasun publikoko ikastetxeak izateko; euskara biziberritzeko planak osatzeko, eta akordioa adostasun sozialean eta parte hartzean oinarritzeko, hain zuzen.

ELAren izenean Uxue Mingo eta Ane Bilbao jardun ziren. Hezkuntza sistema publiko eta plural bat defendatu zuten, inklusioa eta pertsonaren garapen integrala sustatzen duena, burujabetzan pausoak emango dituena, murgiltze ereduan aurrera egingo duena, feminista, ekologista, laikoa, eta lan baldintza onak bermatzeko bideak ezarriko dituena: pribatizaziorik gabekoa, behin-behinekotasun gutxikoa eta ratio egokiak aplikatuko dituena. Eskatu zuten prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko, baldin eta borondatea baldin badago.

Eragileen agerraldiak hilaren 22an amaituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.