Seaskaren helegitea gibelera bota du Paueko Administrazio Auzitegiak

Seaskak prozedura desegokia hautatu zuela ebatzi du auzitegiak. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak «aitzakia politikoa» salatu du, eta iragarri du erantzun politikoa izanen duela

Ikasleen protesta bat, baxoa euskaraz egitearen alde. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Paueko Administrazio Auzitegiak atzera bota du Seaskak Frantziako Hezkuntza Ministerioaren kontra ezarritako helegitea. EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta hirurek 2019an izenpetu zuten hitzarmena ez errespetatzea leporatu zion ikastolen elkarteak ministerioari. Hitzarmen horretan, baxoko ahozko handiaren parte bat euskaraz egiten ahalko zela adostu zuten, baina neurria plantan ezartzea ukatzen du Bordeleko akademiako errektoreak. Lehengo astean aztertu zuten Seaskaren helegitea urgentziazko prozeduran, eta atzo eman zuen erabakiaren berri auzitegiak.

Paueko epaileak ebatzi du prozedura desegokia hautatu duela Seaskak. Azterketetan euskara erabil dezaketen ikasleen kopurua mugatzeko Frantziako hezkuntza administrazioak hartutako erabakia irmoa dela kontsideratu du, eta, beraz, berau eteteko eskatu behar zutela. Hau da, beste gisan errateko, 2019ko hitzarmena betetzeko eskatu ordez, baxoko proba euskaraz egin ahal ez izateko erabakia bertan behera uzteko eskatu behar zutela Seaskako arduradunek. Ideia bera defendatu zuen Frantziako Hezkuntza Ministerioak ere auzitegiaren aitzinean.

Urte hasieratik, behin baino gehiagotan bildu dira ikastoletako ordezkariak Bordeleko errektorearekin. Horietako bi bilkura aipatu ditu Paueko Administrazio Auzitegiak ebazpenean: otsailaren 4an bideokonferentziaz egin zutena, eta apirilaren 13an EEPko ordezkariek eta hirurek izan zutena. Epailearen hitzetan, errektoreak «esplizituki» adierazi zuen bere erabakia bi bilkura horietan: euskaraz egiteko aukera ez dagokiela ikasle guziei, euskara azkartua berezitasuna hautatu dutenei baizik. Ahozko aipamen hori erabaki administratibo irmo bat zela ebatzi du epaileak, eta Seaskaren kontrako erabakia hartu du.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren iritziz, epaileak «aitzakia tekniko bat» erabili du gaian ez sartzeko. «Bagenekien epaile batek estatuaren kontra jotzea biziki zaila zela; teknikoki kasik pikoan ginen, baina perfektua izan behar da». Haren hitzetan, argi gelditu da afera ez dela bide judizialetik konponduko. «Erabakia politikoa zen, eta erantzun politikoa izanen du». Ikastolen elkarteak desobedientziarako deia egin zien irakasleei, eta horretarako prestatzen ari direla jakinarazi du Jorajuriak; ondoko egunetan gurasoen erantzun bat ere izanen dela iragarri du.

Hiru dokumentu

Seaskak urteak daramatza azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen. Ekintzak biderkatu dituzte aurten, ministerioaren jarrera aldatzeko asmoz. Funtsean, hiru dokumentuk berresten dute Seaskaren eskaera. Batetik, Frantziako Hezkuntza Kodeak, 121-3 artikuluan; bestetik, EEPk, ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmenak; eta, azkenik, joan den abenduan hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuten zirkularrak. Brebetan eta baxoan proba batzuk euskaraz egiteko aukera aipatzen da azken horretan.

Azken hilabeteetan protesta bat baino gehiago egin dute guraso, ikasle eta irakasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Otsailean giza kate bat egin zuten Baionan, eta 1.500 pertsona elkartu zituzten ikasleen hizkuntza eskubideen alde. Apirilean, berriz, EEPren bulegoetara sartu ziren, eta akademia ikuskaritza Ipar Euskal Herrian diren hiru egoitza okupatu zituzten. Baliteke ondoko asteak ere mugituak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.