Seaskako lehendakaria eta bi gazte deitu dituzte polizia etxera

Seaskak elkarretaratzera deitu du Baionako polizia etxearen aitzinean, ostiralean eta astelehenean

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Seaskak elkarretaratzera deitu du, elkartasuna adierazteko Paxkal Indo Seaskako lehendakariari eta bertze bi gazteri. Izan ere, Frantziako Poliziak Baionako polizia etxera deitu ditu hirurak: gazte bat, ostiralean, 18:30ean; eta Indo eta beste gaztea, hurrengo astelehenean, 09:30ean. Otsailaren 1ean, Seaskak manifestazioa egin zuen Baionako suprefetura aitzinean, eta, han, arrautzak bota zituzten, suprefetak eta prefetak Seaskaren aurka darabilten «jazarpena» salatzeko asmoz. Arrautzak jaurtitzeari buruz galdekatzeko deitu dituzte.

Seaskak manifestazioa egin zuen otsailaren 1ean, Baionako suprefeturaren aitzinean. Uholdeak, euritea eta haize zakarra izan arren, bostehun pertsona inguru bildu ziren orduan. Izan ere, prefetak auzitara eraman zuen Beskoitzeko Herriko Etxea (Lapurdi), ikastola berria ezartzeko lurra uzteagatik edo prezio apalean alokatzeagatik Seaskari. Falloux legea eskuan, prefetak galarazi egin nahi du hezkuntza eredu pribatu bati ondasun publikoak uztea edo alokatzea.

Egun horretan jakin zen, gainera, Hendaiako ikastola berriaren kontra abian ezarritako auziaren emaitza. Administrazio auzitegiak bertan behera utzi zuen Hendaiako ikastola berria egiteko deliberoa (Lapurdi), eta Hendaiako ikastolako guraso eta irakasleak aterabiderik gabe utzi zituen.

Arrautzak murruen aurka

Elkarretaratzean, arrautzak jaurti zituzten suprefeturako murruen aurka. Manifestazioa bukaturik, herritar gehienak joanak zirelarik, poliziak jende multzoak inguratu eta identifikatu zituzten. Hain justu, horietako bat da etzi Baionako polizia etxean deklaratu behar duen gaztea.

«Seaskak ozenki salatu nahi du Frantziako Gobernuaren jukutria; izan ere, Parisen tokiko hizkuntzei buruzko hitz ederrak dituzte, baina Euskal Herrian auziperatze, debeku eta mehatxuetan ari dira, bai hautetsiekin, bai herritarrekin». Bide «itsu» horretatik ez dezala jarraitu exijitu diote gobernu sozialistari. Seaskak aterabide bat adosteko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.