Ikasleek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea izan dezaten elkarrizketak abiatuak ditu Seaskak Bordeleko akademiako errektorearekin. Orain dela bi aste egin zuten harekin bilkura, eta berantenez biharko eman beharra zien erantzuna. Errektorearen erantzun ofizialik ez dute jaso, baina gutun bana eskuratu dute Seaskako kolegioetan. Desobedientzia ekintza gisa joan den ekainean brebetako azterketak zuzentzeari uko egin zioten irakasleak zigortuko dituzte, lansariaren zati bat kenduta. Urtarrilaren 25eko data duen gutuna herenegun jaso zuten; azterketen zuzendariak izenpetua da, errektorearen izenean. «Ez dakit ea hori den errektoreak ematen digun erantzuna, baina momentuko ez dugu besterik ukan», adierazi du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Gaur Baionan eginen duten protesta indartzera deitu du.
Seaskako ikasleen aldarrikapen historikoa da azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea, azken urteetan indartuz joan dena. 2018tik kolegioko ikasleek euskaraz erantzuten dute brebetako zientzietako proba, eta, joan den urtean, lizeoko ikasle batzuek ere baxoko proba euskaraz pasatzea erabaki zuten. Irakasleek ere bat egin zuten desobedientzia ekintzarekin, eta ikasleen eskubidea errespetatu ezean azterketak zuzentzeari uko eginen ziotela jakinarazi zuten. Zuzenketa garaia iritsi zenean, Donapaleuko (Nafarroa Behera) zuzenketa zentroa okupatu zuten ikasle, irakasle eta gurasoen artean. Zazpi hilabeteren buruan etorri da Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erantzuna, errektorearen ahotik: soldata zati bat kendu diete irakasle desobedienteei.
Harritua mintzatu da Gorostiaga. «Irailaren 15ean izan genuen bilkuran [Jean] Castexek [Frantziako lehen ministroak] egoera baretzera deitu zuen. Hau ez doa bat orduan errandakoekin». Frantziako Hezkuntza ministerioak abenduan argitaratu zuen hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruzko zirkularra. Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac Legea hustu ondotik Parisek eragileei emandako erantzuna zen, hilabeteetako elkarrizketa eta negoziazioen emaitza. Juridikoki ahula izanik ere, aitzinapauso batzuk ekartzen zituen hizkuntza gutxituen irakaskuntzari begira, eta azterketetan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukerari atea irekitzen zion. Hala uste zuen Seaskak, eta asmo horrekin jo zuen errektorearengana. Baina honek «bestelako irakurketa bat» egiten zuela adierazi zien bilkuran Seaskako arduradunen arabera.
Errektorearekin izandako bilkuraren ondotik, Parisi mintzatu zitzaion Seaska, baina gaur-gaurkoz ez du ez bataren ez bestearen erantzunik jaso. Egoera salatzeko eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, mobilizazioa eginen dute gaur, Baionan, 16:30ean. Giza katea eginen dute tren geltokia eta suprefektura aitzinean.