«Frantziako Hezkuntza Ministerioaren politika ez da inklusiboa, ekonomikoa baizik». Hitz horiek izan dituzte Peio Jorajuria Seaskako buruak eta Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak Baigorrin (Nafarroa Beherea). Ikastoletan elbarritasunen bat duten haurren inklusioan laguntzea du helburu guraso talde horrek, baina salatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiela dituzten beharren araberako baliabideak ematen. «Errezibitzen ditugun baliabide mugatuek —edo errezibitzen ez ditugun baliabideek— ikaragarri baldintzatzen gaituzte, eskolan inklusioa bermatzea eguneroko desafio bilakatzeraino», adierazi dute. Aurtengo ikasturtean elbarritasuna onartua duten 158 ikasle izanen dira Seaskako lehen eta bigarren mailetako ikastetxeetan. Bost kolegioetan izanen dituzte IEP Inklusiorako Egitura Pedagogikoak.
Salaketa ez da berria: dirua biltzeko urteroko kanpaina aurkeztu zuten martxoan, eta 116.000 euro eskas zituztela jakinarazi zuten. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte urte guzian zehar, hala nola gaur Baigorrin antolatu duten azoka.
Ikasle baten elbarritasuna aitortua izan dadin, MDPH Elbarrien Departamenduko Etxean dosier bat osatu behar dute gurasoek, eskaera egiteko. Ondoren, jakinarazpen ofiziala jasotzen dute. Logikak nahiko luke MDPHk aitortutako beharren araberako baliabideak eskuratzea ikasle elbarritu horiek laguntzeko, baina ez da hala gertatzen. Iazko ikasturtean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak behar berezietarako aurreikusitako aitzinkontua urrirako bukatu zen. Hortik aurrera onartutako jakinarazpenak Seaskak bere gain hartu behar izan zituen. «Familiek urrats administratibo horiek guziak deusentzat egin dituztela onartu behar ote dute?», galdetu dute.
Ikasle elbarriez arduratzen diren AESH laguntzaileen kopurua da jokoan dena. Aurtengo ikasturtean lanaldi osoko zazpi kontratu beren gain hartu beharko dituztela aurreikusten dute. Gutxi gorabehera 140.000 euro kosta lezake. «Egoera hori zinez larria da; inklusioari buruzko Hezkuntza Ministerioaren jarrera arranguragarria da. Gizatasunaren eta zuzengabekeriaren eztabaida irekitzen du», gaitzetsi dute.