Seaskako 200 irakaslek azterketak egiteko baldintzak salatu dituzte

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasle euskaldunei bai brebetan eta bai baxoan biziaraziko dien «diskriminazioa» salatu dute Seaskako 200 irakaslek, agerraldi batean.

Seaskako irakasleen ostiral honetako agerraldia, Baionako Etxepare lizeo aitzinean. BERRIA
Seaskako irakasleen ostiral honetako agerraldia, Baionako Etxepare lizeo aitzinean. BERRIA
2024ko apirilaren 6a
05:00
Entzun

Seaskako lizeo eta kolegioetako 200 irakaslek protesta egin dute Baldintza horietan nik ez! eta Azterketak euskaraz! leloekin. Aurten kolegioetako ikasleek brebeta euskaraz egiten ahalko dute, baina salatu dute Frantziako Hezkuntza Ministerioak «lehen adiz galderak frantsesez inposatu» nahi dituela. «Horrek ikasle euskaldunak desabantailan ezartzen ditu frantsesez erantzungo duten ikasleekin konparatuz», salatu dutenez. Horrez gain, erran dute ikasleen baitan «urduritasuna» sortzen duela.

Baxoko azterketa iragan beharko duten Seaskako lizeotarrek, berriz, urteetan euskaraz ikasi dutena frantsesez idatzi eta erran beharko dute. Irakasleen arabera, ikasle «euskaldunak diskriminazio egoera batean kokatzen» ditu.

Azkenik, Nicole Belloubet Frantziako Hezkuntza ministroak Iñaki Etxaniz eta Max Brisson parlamentariei erantzun dienak Seaskakoen kexua piztu du. Azterketako galderak zergatik ez dituzten tokiko hizkuntzan idatzi nahi galdetutakoan, Belloubetek «beste aitzakia bat atzeman» duela salatu dute ikastoletako irakasleek. Ministroak erran duenez, «beste hizkuntzetara itzultzeak azterketaren konfidentzialtasuna arriskuan» ezarriko luke. Deitoragarri zaie irakasleei jarrera hori, ministroa «bere funtzionario itzultzaileen profesionaltasuna dudan ezartzera ere» iritsi delako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.