Aitor Renteria.

Seaskak Xalbador ikastetxea inauguratu du, arraberriturik

2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Arraberritze eta handitze lanak egin ondoren, Seaskak Kanboko (Lapurdi) Xalbador ikastetxea inauguratu zuen atzo. Bertzeak bertze, presente izan ziren ekitaldian Paxkal Indo Seaskako lehendakaria, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidentea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Vincent Bru Kanboko auzapeza, Sylviane Alaux diputatu sozialista eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Akitaniako kontseilaria. Krisialdi ekonomikoa gogoan, Indok eragile guztiei eskerrak eman zizkien, Xalbador ikastetxearen arraberritze lanetan eman duten laguntzarengatik. Gomita eskuratu arren, Eusko Jaurlaritzak ez zuen ordezkaririk igorri Seaskaren ekitaldira.

Indok azpimarratu zuen lehen mailek ezagutu zuten ikasle gorakada kolegiora heldu dela. Aurki Baionan egin behar duten Seaskaren laugarren ikastetxea egiteko elkartu behar dutela ohartarazi zion Labazeeri. Izan ere, Seaskaren lizeoa Miarritzera joanen da, baina gaur egun Etxepare lizeoak dituen egoitzak arraberritu beharko dituzte. Horretarako laguntza eskatu zion. Gipuzkoak emandako laguntza eskertu zion Indok Garitanori. «Herritarren nahiaren lekukoa hartu duzu, handitze lanetan esku hartuz eta gidatzen duzun erakundeari zentzu guztia emanez».

Alta, Xalbador ikastegiaren irekitzeak eragindako pozak ez du itzali Seaskaren kezka. Paueko prefetaren eta Baionako suprefetaren erabakiak kezkaz eta larritasunez hartzen ditu Seaskak. Horien mehatxuen ondorioz, nabarmendu zuen Seaska François Hollande Frantziako presidenteak egindako zinetatik urrunago dagoela. Frantziak ez du Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berretsi, euskarak ez du legerik eta Falloux legea aitzakia, estatuak zorrotz begiratzen du diru publikorik ez baliatzea Seaskaren egoitzak egiteko edo handitzeko. Azken denboretan gibelerako urratsa egin dela dio Seaskak, eta duela 40 urteko egoerara itzuli dela.

Legearen bermea

Jazarmenari aurre egiteko ikastolek legearen bermea behar dutela gogorarazi zien Indok parlamentariei. Arriskuan dagoen hizkuntzari babesa emateko eskatu zien. Labazeek interes publikoko elkargoa sortzea proposatu zuen Parisen egindako ministerioen arteko bilkuran. «Diputatu eta senatariak, garaia heldu da jakiteko Hollandek hegazkinaren gidaritza hartzen duen edo Vallsen eskuetan uzten duen». Prefetak eta suprefetak auzitara eramanen dute ikastolei laguntza ematen dion herriko etxe oro, eta, hala, ikastolen garapena kolokan jarriko.

«Estatuak esperantza hil nahi du, euskara hil nahi du, lurralde hizkuntzen heriotza nahi du» erran zuen Seaskako lehendakariak. Maitiak eta Alauxek, biek azaldu zuten euskararentzako legearen behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.