Pauso bat aitzina, eta beste bat gibelera. Azken urteetan horrela ibili da Seaska azterketak euskaraz pasatu ahal izateko eskubidearen aldeko bidean. Urteetako borrokaren ondotik, martxoan onartu zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak brebetako zientzietako probak euskaraz erantzuteko eskubidea, eta aste batzuk geroago Bordeleko (Okzitania) errektoretzak bidalitako gutun batean baieztatu zieten brebetak dituen hiru probetan (Matematikak, Historia-Geografia eta Zientziak) ariketen azalpena euskarara itzulita eskuratuko zutela ikasleek. Hala egin zuten azterketa ekainean. Baina aurtengo ikasturterako besterik erabaki du Parisek.
Joan den astean izan zuen horren berri Seaskak, Edouard Geffray eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak izenpetutako gutun batean: 2024ko ekainean, brebetako probetan euskaraz erantzuten ahalko dute ikasleek, baina ariketen azalpenak eta horiei erantsitako dokumentu guziak frantsesez izanen dira. Ez soilik Zientzietako proban, Matematiketakoan eta Historia-Geografiakoan ere bai. Zenbait hamarkada gibelera egitea dakar horrek, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartearen hitzetan.
Seaskak Geffrayren «zinismoa» salatu du, gutunean erraten baitu Frantziako Hezkuntza Ministerioak hizkuntzei buruz daraman politika publikoaren «funtsezko elementua» dela «eskualdeko hizkuntzen balioa handitzea». «Euskara debekatzea ote da hizkuntzari balioa emateko modua?», galdetu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
«Ez dugu inolaz ere onartuko gibelatzerik. Ez dugu utziko gure haurren hizkuntza eskubideak zangopila ditzaten. Behar diren neurriak hartuko ditugu gure ikasleek brebeta osorik euskaraz egin dezaten».
PEIO JORAJURIA Seaskako lehendakaria
Bi arrazoi nagusi ematen ditu eskola irakaskuntzako Frantziako zuzendari nagusiak brebetako ariketen azalpenak frantses hutsean izan daitezen: ikasleen arteko «ekitatea» eta azterketen «segurtasuna». Jorajuriak erantzun egin du: «Frantsesez erantzun nahi duenak frantsesez baditu galdera eta dokumentuak, ekitatea ez ote da euskaraz erantzun nahi duenak euskaraz ukan ditzan? Galderak beste hizkuntza batean izateak sortzen die segurtasunik eza ikasleei».
Brebeta euskaraz pasatu ahal izateko eskubidearen alde, Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten Seaskako kideek 2022ko ekainean. Leku bera hautatu dute Parisen erabakia salatzeko: «Ez dugu inolaz ere onartuko gibelatzerik. Ez dugu utziko gure haurren hizkuntza eskubideak gisa horretara zangopila ditzaten. Eta behar diren neurriak hartuko ditugu gure ikasleek brebeta osorik euskaraz egin dezaten», adierazi du Jorajuriak.
Bilkura Parisen
Izatez, hiru dokumentu ofizialek definitzen dute Seaskako ikasleen eskubidea: Frantziako Hezkuntza Kodearen 121-3 artikuluak; EEPk, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Seaskak 2019an izenpetutako hitzarmenak, eta Frantziako Gobernuak 2021eko abenduan –Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea zentsuratu ondotik– hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz publikatu zuen zirkularrak. Hirurak urratzen ari da Frantziako Hezkuntza Ministerioa.
Seaskak 2022tik berritu gabe du Parisekin lotzen duen hitzarmena. Iazko irailean bilkura egin zuten hitzarmen berria negoziatzen hasteko, eta ikastoletako arduradunek baldintza gisa jarri zuten azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea bermatzea. Ordutik ez dute berririk.
Gaiari buruz galdetuta, Maider Behotegi EEPko lehendakariak erran du brebetako azterketen azalpenak frantsesez izatea «desatsegina» zaiola, «gibelapen barkaezina» dela, eta ikasleen arteko «ekitatea» zalantzan jartzen duela. «Ariketaren galdera bera euskarri bat izan daiteke ikaslearentzat, azterketari erantzuteko». EEPk bide batetik baino gehiagotik eskatu dio Frantziako Hezkuntza Ministerioari neurria bertan behera uzteko. Halaber, Behotegik jakinarazi du «laster» bilduko dela Gabriel Attal ministroarekin; besteak beste, gai hori ere hizpide izanen dute.