Seaskak protesta eginen du Beskoitzen azaroaren 18an, ikastolaren alde

Salatu dute herriko etxeak uko egin diela ikastolarentzat eraikin berria egiteko elkarrizketa orori, eta baldintza «arbitrarioak» ezartzen dizkietela

Beskoitzeko ikastolako gurasoen eta Seaskaren agerraldia. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Beskoitze
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Seaskari 70eko hamarkadako gorabeherak oroitarazi dizkio Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxearekin duten auziak. «Herriko etxeak hartzen duen jarrera euskararen kontrako jarrera da, eta nahitara hartzen dute», salatu du Peio Jorajuriak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko lehendakariak. «Ikastola mugatu nahian, nahi dute euskara mugatu beren herrian». Manifestazio nazionala eginen dute azaroaren 18an Beskoitzen, 11:00etan, eta euskaltzaleak parte hartzera deitu dituzte. Halaber, Euskal Herriko ikastola guzietako familiei dei egin die Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak: «Euskal Herriko ikastolen babesak indarra emango dio egoeraren desblokeatzeari».

Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Eraikin prefabrikatuetan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Azken urteetan gorabehera bat baino gehiago izan dituzte, ikasle kopurua mugatu nahi duelako Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak.

Ikastola egonkortzeko Seaskak egin gogo duen eraikinarekin sortu da gatazka handiena. Eraikitzeko baimena galdegin du Seaskak, baina baldintza teknikoak aipatzen dituzte etengabe ezezkoa emateko; baldintza «arbitrarioak», Jorajuriaren hitzetan.

Eskolentzako jantegian badira 150 toki, baina ikastolari 50eko muga ezarri diote; «gure eraikuntzan jantegi bat aurreikusi dugu, gure haurrek hemen jan dezaten». Gaur egun, kanpoko tokia auzo bati alokatzen diote, baina herriko etxeak ez du nahi eraikuntza berria egin eta baliatzen segi dezaten; etorkizunean, beharbada, posible baita hari lotua den lursaila eskola publikoa handitzeko erabiltzea. «Eta gehitu dute aparkalekua: ezingo dugu gehiago baliatu aparkaleku publikoa. Behar ditugu guri arbitrarioki finkatua zaigun lur zati txiki horretan ezarri aparkalekua, jantegia, kanpoko tokia eta ikasgelak. Ezinezkoa da».

Euskararen geroa

Seaskak egindako elkarrizketa saiakera oro ukatu du orain arte herriko etxeak. Joan den astean, Pirinio Atlantikoetako prefetak Beskoitzera egin zuen bisita baliatu zuten hari bitartekaritza eskatzeko; oraindik ez dute berririk. Sud Ouest egunkariari bakarrik egin dizkiete adierazpenak hautetsiek: errua Seaskari egotzi diote, eta adierazi dute ez dutela aldatuko jarrera.

Jorajuriaren hitzetan, euskararen geroa da jokoan. «Herriko etxe bati onartzen badiogu finka ditzan baldintzak, finka ditzan mugak euskararen garapenean, gure hizkuntzak amore emanen du», adierazi du. «Haurrak hor dira,haurrek euskara ikasi nahi dute, gurasoen hautuak errespetatu behar dituzte; eta horretarako behar ditugu irtenbideak atzeman. Irtenbideak baditugu, proposatu ditugu, ez zaizkio euro bat ere kostako herriko etxeari, baina ezartzen dizkiguten baldintza arbitrario horiek guziak kendu behar dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.