Hezkuntza

Seaskak manifestazio nazionala eginen du azaroaren 18an, Beskoitzeko ikastolaren alde

Salatu dute herriko etxeak uko egin diela ikastolarentzat eraikin berria egiteko elkarrizketa orori, eta baldintza «arbitrarioak» ezartzen dizkietela. Euskal Herriko euskaltzale guziei dei egin diete mobilizatzeko.

Gurasoen eta Seaskaren prentsaurrekoa, Beskoitzeko ikastolan. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko urriaren 25a
15:00
Entzun

70eko hamarkadako gorabeherak oroitarazi dizkio Seaskari Beskoitzeko (Lapurdi) Herriko Etxearekin duen auziak. «Herriko etxeak hartzen duen jarrera euskararen kontrako jarrera da, eta nahitara hartzen dute», salatu du Peio Jorajuria Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakariak. «Ikastola mugatu nahian, nahi dute euskara mugatu beren herrian». Manifestazio nazionala eginen dute azaroaren 18an, 11:00etan, Beskoitzen, eta euskaltzaleak parte hartzera deitu dituzte. Halaber, Euskal Herriko ikastola guzietako familiei dei egin die Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak: «Euskal Herriko ikastolen babesak indarra emango dio egoeraren desblokeatzeari».

Beskoitzeko ikastola 2013an sortu zen, prefetaren debeku mehatxuen pean; orduan, lau ikasle zituen. Urteen poderioz, garatuz joan da, eta 51 ikasle ditu orain. Eraikin prefabrikatuetan egiten dituzte ama eskolatik azken urterainoko eskolak, herriko etxeari alokatu eremu batean. Azken urteetan gorabehera bat baino gehiago izan dituzte, Fabienne Aiensa auzapezaren taldeak ikasle kopurua mugatu nahi duelako. Hala, urtarrilean, hiru urteko haur bati ukatu egin zioten bere ikaskideekin jatea eskola guztiek erabiltzen duten herriko jantegian.

Baina ikastola egonkortzeko Seaskak egin asmo duen eraikinarekin sortu da gatazkarik handiena. Gurasoek iazko uztailean salatu zuten auzapezak ukatu egin zituela eremua egokitzeko egin zituzten lau proposamenak. Geroztik, ikastola berria eraikitzeko baimena galdegin du Seaskak, baina baldintza teknikoak argudiatzen dituzte etengabe ezezkoa emateko; baldintza «arbitrarioak», Jorajuriaren hitzetan. Esplikatu du eraikuntza ez luketela beharrezkoa, herrian hainbat gela publiko baitira ikastola eraikitzeko balia litzaketenak.

Eskolentzako jantegian badira 150 toki, baina ikastolaren txanda 50era mugatua du herriko etxeak; «horregatik, gure eraikuntzan jantegi bat aurreikusi dugu, gure haurrek hemen jan dezaten». Gaur egun, kanpoko tokia auzo bati alokatzen diote, baina herriko etxeak ez du nahi eraikuntza berria egin eta baliatzen segi dezaten; etorkizunean, beharbada, posible baita hari lotua den lursaila eskola publikoa handitzeko erabiltzea. «Eta gehitu dute aparkalekua: ezingo dugu gehiago baliatu aparkaleku publikoa. Behar dugu guri arbitrarioki finkatua zaigun lur zati txiki horretan ezarri aparkalekua, jantegia, kanpoko tokia eta ikasgelak. Ezinezkoa da».

Euskararen geroa

Seaskak egindako elkarrizketa saiakera oro ukatu du orain arte herriko etxeak: hitzordu eskaera publikoki egin zioten urriaren 20ko prentsaurrekoan, eta herriko hautetsi guziei mezu elektroniko bana igorri diete, hitzordu baten proposamena egiteko Beskoitzeko ikastolaren geroari buruz «eztabaida osasuntsu bat» abiatzeko. Joan den astean, Pirinio Atlantikoetako prefetak Beskoitzera egin zuen bisita baliatu zuen hari bitartekaritza eskatzeko; oraindik ez dute berririk. Sud Ouest egunkariari bakarrik egin dizkiete adierazpenak hautetsiek: errua Seaskari egotzi diote, eta adierazi duteez dutela aldatuko jarrera.

Jorajuriaren hitzetan, euskararen geroa da jokoan Beskoitzeko ikastolaren auzian. «Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika jokoan da: herriko etxe bati onartzen badiogu finka ditzan baldintzak, finka ditzan mugak euskararen garapenean, gure hizkuntzak amore emanen du», adierazi du. «Haurrak hor dira, haurrek euskara ikasi nahi dute, gurasoen hautuak errespetatu behar dituzte; eta horretarako behar ditugu irtenbideak atzeman. Irtenbideak baditugu, proposatu ditugu, ez dute euro bat ere kostatzen herriko etxearentzat, baina ezartzen dizkiguten baldintza arbitrario horiek guziak kendu behar dituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.