Danbor hotsak ozen entzun dira beste behin Baionako karriketan. Danborrada egin dute Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek, azken urteetako hirugarrena, Frantziako Hezkuntza Ministerioari eskatzeko eman ditzala heldu den ikasturterako behar dituzten irakasle postuak. Euskalgintzako eragileek eta Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik parte hartu dute protestan, hala nola Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak eta EH Bai-ko hainbat auzapezek. Erik Etxart Seaskako lehendakari ordeak salatu du Parisek ez diela «gutxienekoa ere» eman. «Ez dugu urrats bat ere gibel eginen!», abisatu du.
Hilabeteetan beha egon ondotik, lehengo astean jaso zituzten 2025-2026ko ikasturterako esleitu dizkieten postuak, baina kopuruak ez datoz bat Seaskak dituen beharrekin. «Kolegioetan behar ditugun hiru gela berrietarik bi baino gutxiago eman dizkigute, eta Lehen Mailarako ezinbestekoak ditugun inklusiorako irakasle berezituak eta aholkulari pedagogikoak, bakar bat ere ez», esplikatu du. «Nork irudikatzen ditu 39 ikasle kabitzen ez diren ikasgela batean? Nork imajinatzen du eskaintzen dizkiguten baldintzetan inklusioa manera egokian egin daitekeela?».
«Gure aldetik prestasun osoa dugu Seaska, EEP eta ministerioaren arteko hitzarmena adostu eta negoziatzeko, beharrezko postuak lortzeko eta azterketak euskaraz izan daitezen erdiesteko»
ERIK ETXARTSeaskako lehendakariordea
«Ikusirik nolako harremanak izan ditugun eta nola menperatzen duen gaia, esperantza dut Bordeleko errektoreak argituko duela aski fite»
ANTTON KURUTXARRIEuskal Hirigune Elkargoko lehendakariordea
Alta, ez ziren horiek EEP Euskararen Erakunde Publikoan abenduan adostu zituzten baliabideak, Antton Kurutxarri Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordearen hitzetan. «Ulertzen dut Seaskaren haserrea, hitza ez da atxikia». Hala ere, konfiantza agertu du Bordeleko errektoreak egoerari konponbidea emanen diola. «Ikusirik nolako harremanak izan ditugun eta nola menperatzen duen gaia, esperantza dut argituko duela aski fite».
Justuki, astelehenean Ipar Euskal Herrian izanen da Jean-Marc Huart errektorea. Sail elebiduneko eskola eta kolegio bana bisitatuko ditu goizean, eta Angeluko (Lapurdi) ikastolan egonen da arratsaldean. Seaskako ordezkariekin solastatzeko aukera izanen du, besteak beste. «Gure aldetik prestasun osoa dugu Seaska, EEP eta ministerioaren arteko hitzarmena adostu eta negoziatzeko, beharrezko postuak lortzeko eta azterketak euskaraz izan daitezen erdiesteko».
Ikusi gehiago
Ipar Euskal Herriko sei parlamentariek gutuna idatzi diote Elisabeth Borne Frantziako Hezkuntza ministroari, Seaskari emandako baliabideak berrikusi ditzala eskatzeko. «Kezka handia» agertu dute, ikastoletarako aurreikusi dituzten postuak «aise gutxiegi» direlako ikasle kopurua kontuan izanda. Ostiral honetan, gutuna eskura eman dio Peio Dufau diputatuak Parisen. «Euskararen alde egiteko, ekintzak behar ditugu», aldarrikatu du sare sozialetan.

Hezkuntzari lehentasuna
Seaskak dituen 39 ikastetxeetako ikasle eta irakasleek parte hartu dute Baionako protestan. Baina Euskal Herri osoko ikastolen borroka dela aldarrikatu du Nekane Artola Euskal Herriko Ikastolen elkarteko lehendakariak. «Halabeharrez» berriz ere karrikara atera behar izatea deitoratu du. «Herri bultzadari esker iritsi gara honaino; oztopoak oztopo, bidea zailtzen badigute ere, aurrera egiten dugu, eta indarrak sobera ditugu. Euskararen biziberritzea helburu, eta gure ikasleek Euskal Herri euskaldun eta justuago bat izatea nahi dugulako, arduraz eta erantzukizunez ari gara lanean».
Ekonomikoki garaiak onak ez direla badiote ere, hezkuntzari lehentasuna eman behar zaiola aldarrikatu du Etxartek. «Zer Euskal Herri amesten da ikastolei aitzinatzea eragozten bazaie, herri honetako gazteei beren hizkuntzan ikasteko eta bizitzeko behar dituzten baliabideak ukatuz eta kenduz?».
Mespretxuari buru eginen diotela erran du, «baliabide guztiekin», eta gazteei galdetu die «etsi gabe», «tinko» eusteko. «Arduradun politikoei berriz eskatzen dizuegu zazpi eginahalak egin ditzazuen herri honek ikastolen alde adostu duena betearazteko».
Azkenik, Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen irakaskuntzan murgiltze ereduan ari diren Eskolim sareko egituren aitortza eskatu dio Parisi. «Eskola horiek dira gure hizkuntzak bizirik atxikitzen dituztenak. Ez dizuegu utziko gure hizkuntzak desagerrarazten».