Seaska eta UEU lankidetzan arituko dira ikasleen euskara maila lantzeko

Lankidetza hitzarmena izenpetu dute bi erakundeek Baionan. Kolegio bukaerarako ebaluazio bat prestatu dute ikasleen maila neurtzeko.

Jorajuria eta Bengoetxea hitzarmena izenpetzen, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Jorajuria eta Bengoetxea hitzarmena izenpetzen, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko apirilaren 12a
14:53
Entzun

Seaskak eta UEUk lankidetza hitzarmena izenpetu dute Ipar Euskal Herriko ikastoletan goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko. Programen lanketan eta irakasleen prestakuntzan lagunduko dute UEUren sarean parte hartzen duten adituek, eta ebaluazio bat prestatu dute kolegio bukaeran ikasleen euskara maila neurtzeko. Aurten eginen dute lehen aldiz, ekainaren 10ean. «Ikasleen ibilbideari buruzko argazki bat emanen digu ebaluazioak, eta, lizeora pasatzean, zailtasunak dituzten ikasleei laguntza berezia eskainiko zaie», esplikatu du Egoitz Urrutikoetxea Seaskako Hezkuntza zuzendariak. 

Orain arte, Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaritzak prestatutako ebaluazioa pasatzen zuten ikasleek. «B2 izena bai, baina izanik ez zuena; ez zuen zertifikaziorako balio», Urrutikoetxearen hitzetan. Azterketa berria UEUko glotodidaktika sailarekin prestatu dute, eta haren kontrolpean eginen dute zuzenketa ere. «UEU bizirik dagoen erakundea da, euskal komunitate zientifikoa da gure esparrua; beharren arabera, laguntza eska diezaiokegu komunitate zabal horri», adierazi du Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak.

Aurten, hizkuntza gaitasuna neurtuko dute nagusiki, entzumen proba baten eta idatzizko baten bidez, baina ondoko urteetan ahozkoa ere txertatzeko asmoa dute. Eduki programatikoei buruz ere galdetuko dute progresiboki. Izan ere, orain dela bi urte hasi ziren euskara programazioa lantzen Seaskako lizeorako, eta aurten kolegioari begirako lanari lotu dira.  Kolegio bukaerako azterketan, beraz, bi atalak izanen dira ororen buru: hizkuntza gaitasuna, eta kultura, literatura eta hizkuntza ingurumena. «Aurten landu dugun programa seigarrenetik hirugarrenera gauzatuz joanen den heinean, bost urteren buruan posible izanen dugu progresio horren emaitza edukietan ere neurtzea».

Hiztun aktiboak helburu

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran du ez dela oraingoa ikasleen euskara mailari buruzko arrangura. «Ez da inoiz izan nahiko genukeena». Ipar Euskal Herrian, Seaska da irakaskuntza prozesu osoan murgiltze eredua proposatzen duen hezkuntza sare bakarra, eta hala ere ez dute %100 lortzen, Urrutikoetxearen hitzetan: «Bizi dugun egoera soziolinguistikoan murgiltzea bera ere ez da aski euskal hiztun aktiboak lortzeko; baina horretan emanen ditugu gure energia guziak».

Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemetan frantsesak eta gaztelerak duten lekua eman nahi dio Seaskak euskarari bere ikastetxeetan, Urrutikoetxeak azaldu duenez. «Gure ustez, biziki inportantea da hizkuntza nagusi baten lekua ematea euskarari, eta araberako anbizioa hizkuntza lantzerako orduan. Hizkuntza gaitasunaz ari gara, baina baita hizkuntza bakoitzak bere baitan dituen ezaugarri kultural eta historikoez eta balioez ere; hizkuntza bakoitzak ikuspegi bat baitu, eta iruditzen zitzaigun horretan jarri behar genuela argia», adierazi du Urrutikoetxeak. 

Baina testuinguru soziolinguistikoak eskolatik haragoko lanketa ere eskatzen duela azpimarratu du Seaskako hezkuntza zuzendariak: «Falazia bat da pentsatzea eskolak bakarrik aterako duela euskara peko errekatik. Horrek badu eragina hizkuntza politikak hartu beharko lukeen norabidean ere, luzaz hezkuntzan ezarri baita azpimarra. Eskola eremua indartu behar da, baina eskolaz kanpoko espazioak ere bai; hizkuntzak bere funtzio sozialak berreskuratu behar ditu. Guk gure doia eginen dugu, baina kanpotik eragin beharra ere agerikoa da».

Hitzaldi ZIKLOA

 

 

Hitzaldi zikloa antolatu du Seaskak maiatzerako, ikastoletan euskararen erabilpena sustatzeko erronkaz gogoetatzeko.

  • Maiatzaren 16an, 19:00etan, Lartzabaleko kolegioan. 'Ikastolan euskaraz jolastu eta gozatu'. Nola sustatu ikastoletan ikasgelaren eta jolastokiaren arteko elkarrekintzak, hizkuntza eta hezkuntza helburuak gauzatzeko bidean. Xan Aire, Ortzaizeko ikastolako irakasle bat eta Bizijolaseko kide bat.
  • Maiatzaren 23an, 19:00etan, Baionako lizeoan. 'Ikastolan euskararekiko esteka afektiboak elikatzeko, ikaslearen, gurasoen eta irakasleen arteko elkarrekintza'. Paula Kasares eta Eneko Gorri.
  • Maiatzaren 30ean, 19:00etan, Kanbon, Seaskaren egoitzan. 'Ikastolan euskara gaitasuna landu. Euskara programaketa eta ebaluaketa'. Josune Zabal eta Seaskako zuzendaria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.