ELA sindikatuak deituta, protesta egin dute gaur Donostian Karmelo ikastetxeko langileek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aurrean, Andia kalean. Jaurlaritzari egotzi diote Scientia School funtsaren «negozio asmoen» arabera jardutea. Datuak eman dituzte hori arrazoitzeko. Esan dutenez, orain bost urte enpresa horrek bost milioi euro baino gutxiagoren truke erosi zuen eskolaren eraikina, eta orain Hezkuntza Sailak 12,8 milioi ordainduko dizkio eraikinaren «zati handi bat» erosteko, %70 inguru. Aldiz, heldu den ikasturtean zentroak lanean jarraituko ez badu ere, langileentzat «irtenbiderik» ez dela planteatu salatu dute.
Azaldu dutenez, eraikinari hamazazpi milioi euroko balioa aitortu diote orain, eta Hezkuntza Sailak guztia erosteko asmoa du aurrerago, hezkuntza kontuetara bideratzeko gerora ere. Bitartean, gainera, Scientia School enpresak salduko ez duen eraikinaren zatia alokatzen segituko duela esan dute, eta hortik «mozkin ekonomikoak» izango dituela. Gogora ekarri dute aurrez ere usu salatu dutela eskolaren itxieraren atzean «interes urbanistikoak» zeudela, eta uste dute gaur emandako datuek berretsi egin dutela hori.
Langileen arabera, ez Hezkuntza Sailak, ez Kristau Eskolak, ez enpresak: inork ez du asmatu langileen egoerari erantzuten. Horiek horrela, berritu egin dute eskabidea, eta «irtenbide egoki bat» eskatu dute zentroko 42 langileentzat.