Aspaldi dabiltza protestatan Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko langileak, zentroaren itxiera salatzeko mobilizazio betean. Sei greba egun egingo zituztela iragarri zuten joan den hilaren amaieran: maiatzaren 7an, 8an, 9an, 14an, 15ean eta 16an izango zirela. Horiek eginda, beste hamar greba egun egingo zituztela aurreratu zuten joan den astean, eta gaur izan da lehen eguna.
Langileen ordezkaritza batek protesta egin du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren parean, Andia kalean. Zentroa itunpekoa dela gogoratu dute, eta ondorioz diru publikoarekin «finantzatzen» dela, eta Jaurlaritza dela horregatik itxieraren «erantzule nagusietarikoa».
Langileen ordezkariek adierazi dutenez, Jaurlaritzak lanpostuak bermatzeko bideak aztertuko dituela esan badu ere, oraindik ez dute bide horretan egindako neurri bakar bat ere ikusi. Eskari nagusia da «lanpostuak eta lan baldintzak defendatzea».
Scientia School enpresak ikastetxea orain dela bost urte erosi zuela gogoratu dute langileek, eta orain itxi egin nahi duela, galduko diren lanpostuen gaineko «inolako irtenbiderik» planteatu gabe. Enpresak, gainera, prozesuari buruzko «informazioa eta dokumentazioa» ezkutatu dituela ere salatu izan dute.
Grebalarien susmoa da eskola ixteko erabakiaren atzean «higiezinen sektorearen interesak» daudela. Gertatzen ari denaren erantzule egin dituzte, Donostiako Udala eta Kristau Eskola ere. Salatu dute, gainera, erakunde horiei egindako bilera eskeek ez dutela erantzunik izan orain arte.
Grebak egiten jarraitzeko asmoa dute langileek, eta bide horretan zerbitzu minimoak «gehiegizkoak» direla esan dute.