KRISIA UPN-N

Sayasek helegitea jarri du, UPNk jarri dion zigorra «bidegabea» delakoan

Carlos Garcia Adanerok ere gaur aurkeztu ditu alegazioak. UPNko Berme Batzordeak proposatu zuen bi diputatuei militantzia etetea bina urte eta sei hilabetez.

Sergio Sayas, UPNren egoitza aurrean, berme batzordeari azalpenak eman ostean. IÑIGO URIZ / FOKU
jon olano
2022ko otsailaren 16a
17:02
Entzun

Sergio Sayas oraingoz UPNko diputatu denak helegitea jarri du bere alderdiko Berme eta Diziplina Batzordeak aurkeztutako zigor proposamenaren aurka. Sayasek argudiatu du hari bi urtez eta sei hilabetez militantzia eteteko proposamena «bidegabea, argudiatu gabea eta neurrigabea» dela. Sayasek azaldu du bere alegazioak «aukera bat» direla «zigor bidegabea, argudiatu gabea eta neurrigabea» saihesteko, eta uste du zigor proposamen hori soilik azaldu daitekeela zuzendaritzak Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko beste diputatua alderditik kanporatzeko «borondatea» duelako.

Alderdiak agindurikoari muzin egin eta Lanaren Erreformaren aurka bozkatu zuten hilaren 3an Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek. Haien etorkizuna erabakitzeko, alderdiaren kontseilu politikoa bildu zen bi egun geroago Iruñean. Bildutako %80,6k bezperan zuzendaritza batzordeak onartutako adierazpena berretsi zuen: modu horretan, bi diputatuei akta itzultzeko eskatu zieten, eta kanporatuak izateko prozedurari ekin zion alderdiak.

Gaur amaitzen da UPNko bi diputatuek alegazioak aurkezteko epea, eta Garcia Adanerok ere iragarri zuen bere argudioak aurkeztuko dituela. Sayasek adierazi du «sententzia lehen unetik idatzia» duela Javier Esparza UPNko presidenteak, nahiz eta erabaki hori alderdiko «estatutuen aurkakoa» den: «Alegazioak aukera bat dira zuzendaritzak akatsa zuzentzeko». Gaineratu du alderdiak agindutako irizpidearen kontrako botoa emanda ez zituztela UPNren estatutuak urratu, eta zigor proposamenak Espainiako Konstituzioaren artikulu batzuk urratzen dituela.

Gainera, Sayasek lan erreformaren eztabaidan emandako botoari eutsi dio: «Gertaerek berresten dute eman genuen botoarekin asmatu genuela; Sanchezekin ezin da akordiorik egin, beti gezurretan ari delako. Ezin da konfiantzazko akordiorik egin engainua politika egiteko formaren oinarri bihurtu duen norbaitekin». Horregatik, uste du Esparzaren «akatsa» izan dela «beste behin Sanchezekiko konfiantza izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.