Martxoaren 1ean, UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak bi urte eta sei hilabetez militantzia eten zien Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuei. Arau hauste larria egitea egotzi zieten, lan erreformaren bozketan alderdiaren zuzendaritzaren agindua urratu zutelako, aurka bozkatuta. Zigorrak lurrikara eragin du alderdian, eta ehun militante eta kargudunek baino gehiagok utzi egin dute UPN. Plataforma bat bultzatzen ari dira horietako asko. Sayasek gaur baieztatu du horiek «entzuten» ari direla.
Batez ere Erriberan, Iruñerrian, Uharten, Berriozarren eta Orkoien gertatu dira mugimenduak. «Oraingoz, sostengu hori guztia bideratu nahi dugu, eta denborak esango du mugimendua azkenean alderdi berri edo hautagaitza bihurtzen den datozen urteko hauteskundeetarako». Adanerok ere iragan astean esan zuen «beste aukera bat» behar zuela Nafarroako eskuinak.
Otsailaren 10ean, Garcia Adanero eta Sayas zigortzeko ebazpena proposatu zuen UPNko Berme eta Diziplina Batzordeak. Karguak edukitzeko debekua ere ezarri zien alderdiak bi ordezkari matxinoei, baina haiek uko egin diote diputatu aktak entregatzeari. Jokabide bera hartu dute Berriozarren Navarra Suma koalizioaren zerrendetan aukeratu zituzten lau zinegotziek: afiliatu guztiekin batera, UPN utzi dute, baina karguari eutsiko diotela esan dute, «lerro eta balio berak defendatzeko, legegintzaldia amaitu arte».
Daniel Cuesta udal taldeko eledunak adierazi du UPN ez dela dagoeneko euren etxea: «Ez gaitu ordezkatzen». Zuzendaritzak harturiko erabakiek alderdia «de facto apurtu» dutela erantsi du.
Sayas eta Garcia Adanero beste alderdi bat sortzeko lanean ari dira
UPNtik kanporaturiko bi diputatuek baieztatu dute alderditik berriki ateratako ehun bat militante plataforma bat sortzen ari direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu