Ez, baina bai. UPNko Berme eta Diziplina batzordeak ez ditu guztiz kanporatu Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuak. Alderdiaren estatutuetan jasotako arau hauste larria egin dutela erabakita, proposatu du bi urte eta erdiz alderditik kanpo uztea. Epe horretako hauteskunde zikloari begira, UPNk bultzatutako zerrendatan ezingo dira aurkeztu: foru hauteskundeak 2023ko udaberrian egingo dira, eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak 2024 hasierarako dei ditzake beranduenez Gorteetarako bozak. Hala, berme batzordearen erabaki horrekin, de facto alderdi barruan egin dezaketen ibilbide politikoa errotik mozten da.
Estatutuetan zehaztuta datorrenez, alderditik kanporatua izateko arau hauste oso larria egin behar zutela ondorioztatu behar zuen Berme eta Diziplina batzordeak, eta erabakian, gradu bat beherago baloratu du bi diputatuen jokabidea: hots, «larria». Bi diputatuek bost eguneko epea dute orain alegazioak aurkezteko, eta, behin argudioak entzunda, behin betiko proposamena egingo du batzordeak. Azken iritzia, berriz, zuzendaritzak eman beharko du.
Carlos Garcia Adaneroren arabera, «estatutu bidez ez zen posible egitea», eta, horregatik, «diferituan kaleratu» dituzte. Harrituta agertu da, halaber, erabakia oso azkar etorri delako. Lan erreformaren bozketa erabakigarria iragan ostegunean izan zen, eta berme batzordeak astebete geroago ebatzi du: «Ez dakit Espainia osoan erabakiak hartzeko hainbesteko abiadura duen beste erakunderik baden», esan zuen ironiaz. Haren hitzetan, egunotan babes mezu ugari jaso dituzte, eta horrek ulertzera ematen dio zuzendaritzak batzar bat dei zezakeela militanteen iritzia jakiteko lan erreformaren moduko gai garrantzitsu baten aurrean.
Erabakia jakin eta bi ordutara, Sergio Sayasek prentsaurrekoa eskaini zuen Madrilen. Berme batzordearen erabakia «bidegabea eta arrazoitu gabea» zela ebatzi zuen: «Argi dago zuzendaritzak alderditik kanpo nahi gaituela, eta argi dago boto emaileek barruan nahi gaituztela». Sayasen arabera, egunotan «makina bat adeitasun keinu eta ulermen mezu» jaso dituzte. «Mezu horietan helarazi ziguten ezin zutela ulertu guk hartutakoaren diferentea zen beste posiziorik». Haren ustez, «erabaki okerrena zen babesa ematea Pedro Sanchezen eta Unidas Podemosen gobernu bati».
Alderdi barruko prozedura bururaino heltzeko egun batzuk geratzen dira oraindik. Behin bide hori agortuta, ikusiko da biek zer norabide hartzen duten, eta epaitegietara joko ote duten. Jakinarazi dute zuzendaritzak ostegun gauean eskatu zien diputatu akta itzuli ezean ez direla alderditik kanporatuak izango, baina oraingoz aktari eutsiko diotela. Akta itzuli zein ez, baliteke UPN ordezkaririk gabe geratzea Madrilen, Navarra Suma aurkeztu zeneko zerrenda hartan hurrenak PPkoa eta Ciudadanosekoa zirelako. Horri buruz galdetuta, herenegun Esparzak erantzun zuen emandako hitza «sakratua» dela, eta «bi diputatu galtzea baino baliotsuagoa» dela «sinesgarritasuna».
PPren abisua
Atzo, Diario de Navarra egunkariari eskainitako elkarrizketan, Ana Beltran Nafarroako PPko presidentea «kezkatuta» agertu zen lan erreformaren bozketari begira Esparzak PSOErekin egindako «tratuen ondorioz». Beltranek ez daki akordio hori «noraino» heltzen zen, baina kezka azaldu du «egonkorra» izango ote den. Beltranek ukatu egin du PPk zerikusia duela Sayas eta Adaneroren jarrerarekin.
Sayas eta Adanero bi urte eta erdiz UPNtik kanpo uztea proposatu dute
Zuzendaritzaren irizpidea ez betetzea «larria» dela deritzote, eta bi diputatuek bost eguneko epea dute orain alegazioak aurkezteko. Azaldu dute boto emaile ugarik babesa adierazi dietela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu