Martxoaren 1ean, UPNren Berme eta Diziplina Batzordeak militantzia eten zien Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuei, bi urte eta sei hilabetez. Arau hauste larria egitea egotzi zien, lan erreformaren bozketan alderdiaren zuzendaritzaren agindua bete ez zutelako eta aurka bozkatu zutelako. Zigorrak lurrikara eragin du alderdiaren barruan, eta ehun militantek eta kargudunek baino gehiagok utzi egin dute UPN. Plataforma bat bultzatzen ari dira horietako asko. Sayasek berak baieztatu du gaur horiek «entzuten» ari direla.
Batez ere Erriberan, Iruñerrian, Uharten, Berriozarren eta Orkoien gertatu dira mugimenduak. «Oraingoz, sostengu hori guztia bideratu nahi dugu, eta denborak esango du mugimendua azkenean alderdi berri edo hautagaitza bihurtzen den datozen urteko hauteskundeetarako». Adanerok ere joan zen astean esan zuen «beste aukera bat» behar zuela Nafarroako eskuinak.
Otsailaren 10ean, Adanero eta Sayas zigortzeko ebazpena proposatu zuen UPNko Berme eta Diziplina Batzordeak. Karguak edukitzeko debekua ere ezarri zien alderdiak bi ordezkari matxinoei, baina horiek uko egin diote diputatu aktak entregatzeari.
Jokabide bera hartu dute Berriozarren Navarra Suma koalizioaren zerrendetan aukeratu zituzten lau zinegotziak: afiliatu guztiekin batera, UPN utzi egin dute, baina karguari eutsiko diotela adierazi dute, «lerro eta balio berdinak defendatzeko, legegintzaldia amaitu arte».
Daniel Cuesta udal taldeko eledunak adierazi du UPN ez dela dagoeneko euren etxea: «Ez gaitu ordezkatzen». Zuzendaritzak harturiko erabakiek alderdia «de facto apurtu» dutela gaineratu du.