SATSEk salatu du gehiegizkoak direla Osakidetzako larrialdietako erizainen lan karga eta paziente ratioak

Erizain lanpostuak ugaritzeko, egoera egonkortzeko eta lan baldintzak hobetzeko eskatu du erizainen sindikatuak.

SATSE erizainen sindikatuko ordezkarien agerraldia, gaur goizean, Txagorritxu ospitaleko atarian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
SATSE erizainen sindikatuko ordezkarien agerraldia, gaur goizean, Txagorritxu ospitaleko atarian. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 6a
12:30
Entzun

Osakidetzako larrialdietako erizainen aspaldiko kezka da langileen egonkortasun falta, eta uste dute arazo horrek kalte egiten diela beharginen egoerari eta pazienteen artari. SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak salatu du erizain bakoitzak paziente «gehiegi» artatzen dituela, eta langile askok «aparteko lan zamak» hartu behar izaten dituztela. Horregatik, eta halako egoerak saiheste aldera, neurriak eskatu ditu. Hain zuzen, ezinbestekoa iruditzen zaio erizain lanpostuak ugaritzea eta, hala, lan horretan ari diren langileen egoera egonkortzera jotzea. Lan baldintzak ere hobetu behar direla azaldu du sindikatuak.

Azaroaren 18an hauteskunde sindikalak egingo dituzte Osakidetzan, eta SATSEk bere eskaerak plazaratu ditu gaur, Gasteizko Txagorritxu ospitalearen atarian egin duen agerraldi batean. Sindikatua Zeresan handia leloarekin aurkeztuko da hauteskundeetara, eta eskaera batean jarriko du indarra: larrialdietako langileei eragiten dien prekaritatea eta antolaketa falta amaitzea.

«Erizainek eta laguntzako langileek egunero pairatzen dute kudeaketa ez-eraginkorraren eta protokolo argien falta»

GABIREL PEREZSATSE sindikatuko arduraduna

Izan ere, Gabirel Perez sindikatuaren Arabako idazkariak salatu du «gabezia handiak» daudela Osakidetzako larrialdietako kudeaketan eta lan baldintzetan, eta premiazkoak direla irtenbideak. Kritikatu du larrialdi zerbitzuan lan egiten duten erizainek eta laguntzako langileek egunero pairatzen dutela «kudeaketa ez-eraginkorraren» eta «protokolo argien» falta, eta horrek, lana zaildu ez ezik, «babesgabetasun juridikoan» ere uzten dituela.

Udan sumatzen dute bereziki langile falta, baina arazoa egiturazkoa dela ziurtatu du Perezek. Haren esanetan, profesionalak lan karga handia hartzen ari dira, eta ratioak gehiegizkoak dira —batez beste, langile batek hamabost paziente artatzen ditu—. Sektoreak behar dituen aldaketak sustatze aldera eta erizain bakoitzak gehienera ere paziente kopuru jakin bat artatuko duela bermatzeko, sindikatuak herri ekinaldi legegile bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, baina ez zuen aurrera egin. Nolanahi ere, han jasotako eskariak bere egiten dituztela gogoratu du Perezek.

Arazoek bere hartan jarraitzen duten bitartean eskaerei eutsiko dietela ohartarazi du. Gogora ekarri du zer eskatzen duten: besteak beste, txanden eta oporren erregulazio argia, langileekiko komunikazio handiagoa, arreta hobea eta «baldintza duinak».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.