Memoria historikoa. Asturiasko frontean hildako gudariak

Sasetaren atzetik etxerako bidean

Asturiasen hobi komun batean lurperaturik dauden ehun gudari baino gehiagoren hezurrak berreskuratzeko lanean hasi diraDonostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak itun bat egin dute, finantzatzeko

mikel p ansa
2012ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Ezagun zen non lurperatu zituzten. Asturiasen, Areces herrian, Euskaldunen Zelaia esaten dioten paraje batean. Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantearen gorpuzkiak ere handik atera zituzten, orain lau urte, Hondarribia jaioterrira itzultzeko, Gipuzkoara. Baina gudari gehiago daude leku berean lurperatuta. Euzko Indarra batailoiko borrokalariak ziren gehienak, 1937ko otsailaren 23an fronteko borroketan hil, eta hobi komun batean lurperatu zituztenak. Handik atera eta beren sorlekura itzultzeko asmoa dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horretarako harremanak hasi dituztela eta lanean ari direla jakinarazi zuten atzo.

Hitzarmen bat sinatu dute bi erakunde publikoek, eta horren berri eman dute Martin Garitano ahaldun nagusiak, Marina Bidasoro Gipuzkoako Oroimen Historikoko zuzendariak eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. Foru aldundiak 50.000 euro emango dizkio Donostiako Udalari, hezurrak berreskuratzeko lanetan erabiltzeko. Prozesua luzea izango dela ohartarazi dute. Ongi bidean, heldu den otsailean hobia irekitzen hastea espero dute.

Euskaldunen Zelaian ehun gudari baino gehiago lurperatu zituztela uste dute. Azaldu dute ia denak gipuzkoarrak zirela, haietatik hogei inguru donostiarrak. Hobia ireki, hezurrak atera, identifikatu eta Euskal Herrira itzultzea da erakunde publikoen asmoa. Omenaldi bat egiteko asmoa ere agertu dute, baina xehetasunik ez dute eman horri buruz. Lanak aurreratu ahala erabakiko dute zer eta nola egin, betiere hildakoen senideekin hitz eginda, zehaztu dutenez.

Oraingoz, harremanak hasi dituzte. Asturiasko administrazioarekin, Arecesko Udalarekin eta Euskaldunen Zelaiko lurjabearekin hizketan hasi direla azaldu dute diputazioko ordezkariek. Aldi berean, Arecesen lurperatuta dauden gudarien taldeetako ordezkariekin ere hasi dira hizketan: EAJrekin, Sabino Arana fundazioarekin, CNTrekin eta alderdi komunistarekin, zehazki. Borroka haietan hildako gudari gehienak EAE-ANVren batailoikoak ziren arren, baziren sozialista, jeltzale, anarkista eta komunista batzuk ere tartean.

Egia «ezkutatua»

«Arecesko gudariak herrira itzultzea nahi dugu, merezi duten bezala itzuli ere: askatasunaren eta herriaren alde borrokatzeagatik diktadore batek hil zituen gudari bezala», azaldu du Martin Garitanok ekimenaren arrazoia. Ahaldun nagusiaren arabera, urte askoan «euskaldun gehien hil eta deserriratu zituen garaia ahaztu eta ezkutatu egin nahi izan da». Euskal Herriaren historiako gertakizun «mingarriena eta odoltsuena» izan zen garai hura, Garitanoren hitzetan, eta egia «ezkutatu» egin izan dela ohartarazi du: «Ezin errealitatearen irakurketa zuzen eta zintzoa egin, egia jakin gabe».

«75 urte geroago, iragana azaleratu eta oroimen historikoa berreskuratu nahi dugu ekimen honekin, askatasunaren alde bizia galdutako pertsona guztiek egia, justizia eta aitorpena merezi dutelako». Juan Karlos Izagirrek hitz horiekin azaldu du egitasmoaren helburua.

Marina Bidasorok zehaztu du oroimena nortasunaren parte dela eta, horregatik, «bizikidetzaren eraikuntzan oinarrizko zutabea» dela. Erakunde publikoen betebehartzat jo du memoria berreskuratzeko langintza hori. «Egia berreskuratzeko» lanak eta frankismoak egindako krimenen ikerketak beharrezkotzat jo ditu eta administrazioak horiek lagundu behar dituela erantsi.

Zeregin horretan ari dela azaldu du Donostiako Udalak. 1936ko gerran eta frankismoan jazo ziren «giza eskubideen urraketei buruzko egia jakin eta oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmo zabal bat» abian duela zehaztu du. Egitasmo horrentzat eman du dirua aldundiak. Gernikako bonbardaketari buruzko erakusketa bat, Ondarretako kartzelari buruzko beste bat, eta Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian liburuaren argitalpena sustatu dituzte programa horrekin. Orain Arecesko hobi komuneko lanekin hasiko dira. Hezurrak berreskuratzeko 45.000 euro beharko dituztela uste dute; 24.000 euro jarriko ditu aldundiak, eta gainerakoa udalak. Indar frankistek hildako Donostiako udal langileei buruzko ikerketa bat ere egiten ari direla azaldu dute udal ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.